Skip to main content

ASOCEX

2011/04 Udalaren etxez-etxe arretarako zerbitzuari buruzko txostena

Argitalpen data
Comptos Ganberak Udalaren etxez-etxeko arretarako zerbitzuari buruzko txostena kaleratu du

Comptos Ganberak Iruñeko Udalaren etxez-etxeko arretarako zerbitzuari buruzko txostena kaleratu du. Lana Parlamentuko bozeramaile-batzordeak eta Udalak berak eskatua zuten.

Txostenak dioenez, zerbitzuak adineko jendeari etxean bizitzen segitzeko laguntza ematea du helburu. Udala da zerbitzuaren kudeatzaileak eta finantzazioaren zati batez ere arduratzen da. Gainerakoa Nafarroako Gobernuak eta erabiltzaileek ordaintzen dute. Gehienez bi orduko zerbitzua da. Langileak adinekoari laguntzen dio, bai etxeko lanetan eta baita etxetik atera behar duenean ere.

Udala duela hogei bat urte hasi zen zerbitzua ematen, udal langileekin eta Miluce kooperatibakoekin. Ondoren, AMMA enpresari eman zitzaion kanpora ateratako zerbitzuaren zatia, eta azken lau urteotan AZVASE enpresak egin du.

Udalak 35 gizarte-laguntzailerendako lanpostuak sortu zituen zuzenean egiten duen zerbitzuari aurre egiteko, eta sententzia batek lanpostuak betetzera behartu zuen. Lanpostua lortu zutenak ASIMEC udal enpresan hasi ziren lanean.

Iruñeko Udalak, esan bezala, AZVASE enpresari eman zion udal enpresak egiten ez duen kontratuaren zatia. 2007ko martxan sinatu zen kontratua: urte betekoa zen, lau urtera arte luzagarria. Gutxieneko lan-orduen kopurua 80.000 ordutan finkatu zen, beti ere beste 40.000 gehiago ere egin zitezkeela aurreikusiz. Orduko prezioa 21,80 eurokoa zen. Udalak 10,4 milioitan zehaztu zuen lau urteko zerbitzuaren kostua.

Kontratua indarrean zegoela, enpresak diru gehiago eskatu zuen, etxe batetik bestera eginiko ibilbideak ere lan-ordu zirela argudiatuta. Udala ez zegoen ados, eta sententzia batek arrazoia eman zion. Iazko martxoan enpresak kontratua bertan behera erabaki zuen. Udalak beste lehiaketa bat antolatu zuen eta, berriro, AZVASE enpresari eman zion. Lan-ordu kopuru berberari eutsi zitzaion, baina adjudikazioan orduko prezioa igo egin zen: 24,75 euro.

Comptos Ganberak dioenez, kontratuaren tramitazioa legezkoa izan zen. Zerbitzuaren eskaera uste baino handiagoa izan denez, aurreikusitako ordu kopurua %30 handitu da. Horregatik, kontratua aldatu behar izan dute, batzuetan lana amaitu ondoren.

Comptos Ganberak akats batzuk aurkitu ditu enpresaren fakturetan, eginiko lan-orduak baino 734 gehiago zituelako fakturatuta eta, horren ondorioz, 15.000 euro gehiago kobratuak zituen. Akatsa ondorengo hilabeteetan konpondu zen. Bestalde, aipaturiko sententzia ezagututa enpresak 80.000 euro itzuli behar izan zizkion Udalari, etxe batetik bestera eginiko ibilbideak ez baitziren lan-ordutzat hartu.

Txostenak honakoa azpimarratzen du: zerbitzu bakarra da, baina bi enpresa diferentek egina, bata udal enpresa eta bestea kanpokoa. Biak ari dira auzo beretan eta, askotan, erabiltzaile bakarrak bien zerbitzua jasotzen du. Bestalde, udal zerbitzuak ez du datu bateraturik jasotzen, eta zerbitzuari buruzko informazio orokorra lortzea ere zaila da.

Azkenik, Comptos Ganberak dio erabiltzaileak pozik daudela zerbitzuarekin, eta berdin zaiela zer enpresatakoak diren langileak, Udala dutelako erreferentzia bakartzat.