Skip to main content

ASOCEX

2012/34 Tuterako Udala (2011)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/34 Tuterako Udala (2011) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Tuterako Udalaren 2011ko fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera. Tuterako Udalak bi erakunde autonomo ditu: Uren Udal Batzordea eta Castel Ruiz Kultur etxea. Azken hau enpresa publika bihurtu zen iaz.

Txostenak emaniko datuen arabera, iazko gastuak 40,2 milioikoak izan ziren eta diru-sarrerak, berriz, 36,2 milioi.

Gastuei dagokienez, %41 langileriari dagokio, beste ohiko-gastuek %43 egin zuten, %10 inbertsioak dira eta %6 finantza-gastuak. Diru-sarrerak nagusiak zergen bidezkoak dira: %56. Ondoren transferentziak daude (%39) eta gainerako %5 ondare bidezko sarrerak dira.

Gastuak eta diru-sarrerak nabarmen gutxitu ziren iaz, aurreko urteko datuekin alderatuta. Gastuak %12 gutxitu ziren, eta diru-sarreren jaitsiera are handiagoa izan zen: %37. Inbertsio-maila apalak eragin du aipaturiko jaitsiera, hamar milioitik lau milioira murriztu baita, eta horri loturiko transferentziak maila berean gutxitu dira.

Ohiko gastuak %1 gutxitu ziren, batez ere langileriarenak eta transferentziak murriztu zirelako. Ohiko diru-sarrerei dagokienez, %5 gutxitu ziren, ohiko transferentziek eta obren gaineko zergak behera egin zutelako.

Udalak aurkezturiko kontu orokorrak ongi islatzen ditu gastu eta diru-sarreren kitapena, ondare egoera eta eragiketen emaitza. Udalaren ekonomia-jarduerak indarrean dagoen legedia ere bete egiten du.

Udalaren finantza-egoerari dagokionez, “zaila” da, txostenak azpimarratzen duenez. Izan ere, 43 milioiko zorra du, urteko aurrekontua baino handiagoa. Aurrezki garbia, diruzaintzako gerakina eta aurrekontu-emaitzak negatiboak ditu. Eta gastuei eusteko ahalegina egin badu ere, horrek ez du fruitu handirik eman, sarrerak are gehiago murriztu direlako.

Tuterako Udalak ezin du zor gehiagorik hartu eta, beraz, ezin izanen du inbertsiorik egin, osorik finantzaturik ez badaude.

Kontuen Ganberak gastuak murriztu eta diru-sarrerak handitzeko ahalegina egiteko eskatzen dio udalari. Bestalde, tarifak zerbitzuen kostura egokitzeko beharra azpimarratzen du. Azkenik, langileriaren gastuak kontrolatu, inbertsioetan lehentasuna zeintzuk diren argi erabaki eta diru-laguntza sistema ongi aztertzeko gomendio ematen dio.