Skip to main content

ASOCEX

2011/35 Burlatako Udala (2010)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/35 Burlatako Udala (2010) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Burlatako Udalari buruzko fiskalizazio txostena plazaratu du. Bertan, 2010eko kontu orokorra aztertzen da, eta baita legezkotasuna eta Udalaren finantza-egoera ere.

Txostenak dioenez, Burlatako Udalak17,8 milioi gastatu eta 19,1 milioi bildu zituen. Aurrekontu-emaitza doituak milioi bateko superabita eman zuen.

Gastu nagusiak honakoak dira: Langileria (%48), beste ohiko gastuak (%30) eta inbertsioak (%16). Sailkapen funtzionalari dagokionez, segurtasuna eta polizia dira gastu-iturri nagusia: %32. Ondoren kultura eta kirola datoz, %32rekin eta hirigintza (%8).

Diru-sarrerei dagokienez, transferentziek %58 egiten dute eta zerga bidezko sarrerek %40.

Comptos Ganberak dioenez, kontu orokorrak ongi islatzen du udalaren egoera, baina bi salbuespen daude: eguneratu gabeko ondasun zerrenda, batetik; bestetik, bada inbertsioak egiten dituen udal enpresa bat, eta kontu horiek udalaren aurrekontutik kanpo egoteak udalaren finantza-egoera desitxuratzen du.

Comptos Ganberak dioenez, Udalak 2006an Sociedad Urbanística Municipal udal enpresa sortu zuen.Enpresak beste bi enpresatan parte hartzen du: Ripaberri Desarrollo Urbano eta Erripagaña Desarrollo Urbano, 2008 eta 2010ean sortuak. Iaz udal enpresak 13,5 milioi bildu zituen, eta beste biek 10 milioitik gora. Udal enpresak 9 milioiko inbertsioak egin ditu udalarentzat eta kide pribatua da kudeatzailea, komisio baten truke. Gainera, kide pribatuari 473 etxe-bizitza egiteko kontratua eman zaio, guztiak udal lur-sailetan.

Kontuen Ganbera hirigintza eredu honen aurkakoa da, kudeaketa publikoak gorde beharreko interes publiko, gardentasuna eta kontroletik aldentzen delako.
Bestalde, Udalak obra batzuk eman dizkio bitarteko eta langilerik ez duen udal enpresari, lanen kontrola ere bere gain utziz. Obra horien artean daude 0-3 urte bitartekoendako eskola eta herriko tailer eskola. 2009ko amaiera arte, enpresak 4,2 milioiko obrak bereganatuak zituen horren bitartez.


Finantza egoera

Udalaren finantza egoerari dagokionez, gastuak %9 murriztu ziren iaz eta aurrezki garbia lortu zen. Aurreko urteko egoerarekin alderatuta egoera zerbait hobetu bada ere, kezkagarria da Udalaren egoera, likidezia arazoak dituelako eta ez dagoelako garbi etorkizuneko gastuei aurre egiteko gai izanen ote den. Horregatik Kontuen Ganberak bidegarritasun plana egitea behar-beharrezkotzat jotzen du. Horretarako kontuan hartu beharrekoak dira, besteak beste, udal zerbitzuak, zergen presioa, gastu arrunten kontrola eta Erripagainatik etor litezken diru-sarrerak.