Skip to main content

ASOCEX

2012/22 9.000 biztanletik gorako udalen egoera, (2003-2010)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak udal nagusiei buruzko txostena kaleratu du. 2003-2010 epeko datuetan oinarriturik, txostenak 9.000 biztanletik gorako udalen egoera aztertu du. Udalerri horietan nafar biztanleriaren %56 bizi da, eta udalen gastuaren erdia dagokie. Kontuen Ganberak urtero egiten du udal horien fiskalizazioa.

Azken urteotan, udalerri nagusietako biztanleria handitu egin da, 2010ean 27.000 biztanle gehiago baitzituzten 2003an baino. Igoera etorkinek eragin dute.

Txostenak dioenez, udal nagusiek 36 erakunde autonomo, enpresa eta fundazio dituzte. Atarrabia eta Berriozar dira horrelakorik sortu ez duten bakarrak.

Hamaika udal nagusiek 3.000 langile dituzte. Udal gehienetan langileria handitu egin da azken urteotan. Aipatzekoa da, hala ere, behin behineko langileen kopurua oso handia dela: Berriozar, Egues eta Tafallan %50tik gorakoa.

Gastu eta diru-sarrerei dagokienez, gora egin zuten 2007ra arte. Geroztik, eta batez ere 2010etik, behera egin zuten nabarmen. Urte eta biztanleko gastu eta diru-sarrera txikiena Barañaingoa da (784 eta 833 euro, hurrenez hurren). Gastu handiena, berriz, Tafallakoa da: 1.525 euro biztanleko. Diru-sarrera handiena Tuterakoa da: 1.626 euro urtean biztanleko.

2003-2010 epean gastuak %6 handitu ziren. Gastu arruntak %24 igo ziren eta inbertsioak, ordea, %13 gutxitu ziren.

Udal nagusienen zorra %108 handitu da, 80tik 166 milioira. Iruñeak zorraren %58 dauka, eta Tuterak %27. Iruñeko kasuan ez da harritzekoa, biztanleriaren proportzioa ere antzerakoa delako. Tuterak, berriz, zor maila handia du. Zizur Nagusia da udal guztietan zorrik ez duen bakarra.

Udal guztien balantzea ikusita, Zizur Nagusia, Berriozar eta Egues dute egoera hoberena, finantza egoera ona izateaz gain ez baitute zor handirik.

Kontuen Ganberak udal guztien Web orria ere aztertu du, gardentasunaren adierazle garrantzitsua delakoan. Alde horretatik, Berriozar eta Tutera dira informazio zabalena eskaintzen dutenak. Gainerakoek hobetu beharko lukete biztanleriaren esku jarritako informazioa eta, beti ere, aurrekontua, kontu orokorra eta auditoria-txostena ezagutarazi beharko lituzkete.

Azkenik, Kontuen Ganberak aurrekontu eta finantza egoeraren araberako sailkapena egin du, 17 adierazletan oinarriturik, horien artean, auditoriaren iritzia, inbertsioa, diru-laguntzekiko menpekotasuna eta zor maila. Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, sailkapena aurrekontutik ateratako informazioan dago oinarriturik, zerbitzuak edo kudeaketaren eraginkortasuna kontuan hartu gabe. Hauxe da horrelako sailkapena egiten den lehen aldia.

Zizur Nagusia da zerrendaburua, Berriozar bigarrena eta Egues hirugarren postuan dago. Azkenekoetan, berriz, Barañain, Iruñea eta Atarrabia. Auditoria eta finantza egoeran Berriozar da hoberena. Aurrekontu eta finantza kudeaketan, berriz, Zizur Nagusia da hoberena. Azkenik, zergen kudeaketan Tutera nabarmentzen da.