Skip to main content

ASOCEX

2013/05 Haurdunaldia borondatez etetearen kostuaz

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/05 Haurdunaldia borondatez etetearen kostuaz ()

Nafarroako Kontuen Ganberak haurdunaldia borondatez eteteak dakarren kostua aztertu du gaur plazaratutako txosten batean. Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra talde parlamentarioek eginiko eskariak haurdunaldiaren eteteak Osasunbidearen zentroetan izanen lukeen kostua kalkulatzea zuen helburu, Antsoaingo klinikari ordaintzen zaionarekin alderatzeko.

Txostenak haurdunaldia borondatez eteteko legedia azaldu ondoren, Nafarroan gertaturikoa gogoratzen du: 1985eko legea onartu zenetik, hamar ebakuntza egin ziren. 1986an, ordea, elkarte batek salaketa bat aurkeztu zuen Bideko Ama Ospitaleko zuzendari eta hiru ginekologoren aurka, ebakuntza bat legez aurreikusirikoetatik kanpo zegoela argudiatuta. Polemika handiko auziak lau urte iraun zuen. Azkenean, epaileak errugabe jo zituen akusatu guztiak. Dena den, geroztik Nafarroan ez zen mota horretako ebakuntzarik egin, ez Osasunbidean eta ez zentro pribatuetan ere. 2011ko urrian, Antsoaingo klinika pribatua zabaldu zen. Geroztik 14 astetik beherako etenaldiak bertan egiten dira.

2010eko apirilean, hamaika ginekologok ebakuntza mota hori Osasunbidean egin zitekeela adierazi zuten, mediku batzuk aldekoak zirelako. Osasun kontseilariak erantzun zien esanez kontzientzia eragozleak beste batzuk zirela: anestesista eta erizainak, hain zuzen. Horren ondorioz, haurdunaldia eteteko prest ez dauden profesionalen errolda egin zen. Gaur arte, profesional bakar batek eman du izena.

Txostenak dioenez, iaz 437.000 euro gastatu ziren haurdunaldiaren eteteko ebakuntzetan. 981 ebakuntza egin ziren, gehienak Antsoaingo klinikan (842) eta gainerakoak Zaragozan (104), Madrilen (23) eta Donostian (12). Antsoaingo klinikak 350.000 euro jaso zituen iazko ebakuntzengatik.

Osasun Ministerioak eginiko txostenaren arabera, haurdunaldi-etetearen tasa txikiagoa da Nafarroan Estatuan baino: mila emakumeko 7ko tasa dugu hemen eta Estatuan, berriz, 12koa da. Etenaldia eskatzen duten emakume gehienak 20 eta 34 urte bitartekoa dira. Ikasketei dagokienez, %34k batxilergoa zuen eta %24k DBH. Aipagarria da ebakuntza eskatu zutenen %39k ez zuela sekula antisorgailurik erabili.

Kostuari dagokionez, 14. astera arteko ebakuntzak aztertu dira, horiexek baitira Antsoaingo klinikak egiten dituenak. Horien artean, etenaldi farmakologikoa da merkeena, pilulen bidez egiten baita. Osasunbidearen zentroetan 200 eurokoa litzateke kostua. Antsoaingo klinikari askoz gehiago ordaintzen zaio: 454 euro.

Ebakuntzak garestiagoak dira. Anestesia lokala eskatzen dutenen kostua 550 eurokoa litzateke Osasunbidean, eta Antsoain, Donostia eta Bilbon ere antzekoa da, beti ere bidaia-gastuak kontuan hartu gabe. Azkenik, ebakuntza anestesia osoarekin eginez gero, kostua 600 eurokoa litzateke Osasunbidean, Antsoain eta Donostian baino zerbait merkeagoa.

Kontuen Ganberaren ustez, etenaldi farmakologikoa Osasunbidearen zentroetan egin beharko litzateke, bi arrazoirengatik: batetik, antza denez, badirelako horretarako prest dauden profesionalak eta, bestetik, merkeagoa delako klinika pribatuan baino. 14 astetik beherako etenaldiak ere Osasunbidean egiteko aukera aztertzeko eskatzen du, merkeagoa litzatekeelako. Hala balitz, Kontuen Ganberak eskatzen dio Gobernuari babesa eman diezaiela ebakuntzak egiteko prest dauden profesionalei.

Oraina arte bezala, etenaldiak zentro pribatuetan egitea erabakitzen bada, itun bat sinatu beharko litzateke, baldintza eta prozedurak zehazteko, gaur egun ez baita horrelakorik.

Azkenik, Kontuen Ganberak uste du etenaldia eskatzen duen emakumeen profila sakonago aztertu behar dela, nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko eta heziketa sexuala hobetzeko.