Skip to main content

ASOCEX

2011/25 Urdazubiko Udala (2009)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/25 Urdazubiko Udala (2009) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Urdazubiko Udalari buruzko txostena kaleratu du. Urdazubiko Udalak berak eskaturiko txostenak hiru aztergai nagusi ditu: 2009ko kontu orokorra, legezkotasuna eta udalaren finantza egoera.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Urdazubiko Udalak 3,9 milioi gastatu zituen 2009ko ekitaldian. Gastuen zati nagusia (3,2 milioi) inbertsioak izan ziren. Diru-sarrerak, berriz, 4 milioikoak izan ziren eta kapital trasnferentziei esker lortu zen gehiena: 3,2 milioi.

Txostenak azpimarratzen duenez, Urdazubiko Udalaren barne kontrolaren ahultasunak akats eta lege-hauste nabarmenak eragin ditu. Izan ere, Udalak ez du kontabilitate eta administrazio prozedurak betetzen direla bermatzeko kontrolik. Txostenak kontabilitatean eginiko akatsak aipatzeaz gain, beste bi irregulartasun nabarmentzen ditu: batetik, Elektra Urdazubi udal enpresaren kontuak ez direla aurkeztu; eta, bestetik, Udalak ez duela ondasun zerrendarik egin.

Hori guztiak kontuan harturik, Comptos Ganberak ez ditu ontzat hartzen Udalak aurkezturiko kontuak, Udalaren ondasun egoera, aurrekontu kitapena eta urteko emaitzaren isla ez direlakoan.

Legezkotasunari dagokionez, Udalaren finantza jarduera ez da legediaren arabera egin. Izan ere, txostenean zehazturik dauden lege-urratze eta akats asko daude, batez ere aurrekontu arloan, kontratazioan eta diru-sarreren kudeaketan.

Txostenak Dantxarineako Saihesbideko lanen proiektuaren inguruko arazoak aipatzen ditu: teknikarien iritzia jasotzen duen txostenik ez dago, ezta aurrekontu-kreditua dagoela baieztatzen duen dokumenturik ere, eta gastua ez dago onarturik. Aipatzekoa da Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak bertan behera utzi zuela aipaturiko proiektuaren adjudikazioa.

2007ko uholdeek sorturiko kalteak konpontzeko obra-lanak ere aipatzen dira. Izan ere, milioi eurotik gorako gastua egin bazen ere, ez zen inolako prozedurarik bete.

Zerga-bilketari dagokionez, behin borondatezko epea amaituta, Udalak ez du premiazko bidea erabiltzen zordunen saldoak kobratzeko. Bestalde, Udalak ez du lurren salneurriaren gehikuntzaren gaineko zerga kobratzen.

Udalaren finantza egoerari buruzko datu nagusiak honakoak dira: Udalak 150.000 euroko aurrezki garbia zuen 2009ko amaieran, baina etorkizuneko gastuei aurre egiteko dirurik ez zuen, diruzaintzako gerakin negatiboa zuelako: 340.000 euro. Urte amaierako zorra 440.000 eurokoa zen.

Txostenak Udalaren egoera hobetzeko gomendioak eskaintzen ditu: barne kontrol sistema martxan jarri behar da, kontuak finantza egoeraren isla direla ziurtatzeko; kontratazioan legedia bete egin behar da; udal langileen zerrenda onartzeaz gain, langileen ordainsariak Udalak onarturikora egokitu behar dira; azkenik, zerga guztiak kobratu egin behar dira, premiamendu-bidea ere erabiliz.