Skip to main content

ASOCEX

2011/29 Osasunbideak ospitale pribatuekin sinaturik dituen itunak (2008-2009)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak ospitale pribatuekin sinaturik dituen itunei buruzko txostena kaleratu du. Txostena Nafarroa Bai talde parlamentarioak eskatu zuen, osasun itunetan gastaturikoa aztertzeko. Kontuen Ganberak 2008 eta 2009 urteetako gastuak zehazteaz gain, Osasunbidearen kostuak eta ospitale pribatuei ordaintzen zaizkien tarifak aztertu ditu.

Nafarroako Gobernuak 28,6 milioi euro gastatu zituen 2009an osasun-itunetan. 20 milioi Nafarroako Clínica Universidad de Navarrak jaso zituen, 6 San Miguel Klinikak, milioi bat Centro Médicis eta 800.000na euro Quirón eta Alliance Medical enpresek.

Txostenak emaniko datuen arabera, itunetan gastaturikoak gora egin du azken urteotan: 2005ean 12,5 milioi gastatu ziren, bi urte geroago 20 milioi eta, esan bezala, 28,6 milioi duela bi urte.

Kontuen Ganberak dioenez, Osasunbideak osasun zerbitzuak sektore pribatura ateratzeko arrazoi hirukoitza erabiltzen du: bitarteko nahikorik falta, itxaro-zerrenda murrizteko beharra eta arreta espezializatuaren legeak finkaturiko epea bete beharra.

Osasunbideak ez du ordaintzen dituen tarifak justifikatzeko kostuen gaineko azterketarik. Bestalde, zerbitzu berak prezio ezberdinak ditu, ospitale pribatuaren arabera, eta diferentzia horiei buruzko arrazoirik ere ez da eman.

Kontuen Ganberak lau zerbitzu aztertu ditu, kostuaren eta tarifen arteko aldea ezagutzeko: erresonantzia magnetikoak, hemodialisia, traumatologiaren kontsulta eta belauneko protesiaren ebakuntza.

Erresonantziei dagokienez, Nafarroako ospitalearen kostua 63 eurokoa da eta 102 eurokoa Bideko Ama Ospitalean. Kanpoko enpresei ordaintzen zaiena garestiagoa da: 105 euro Allianceri eta 398 Universidad de Navarrari.

Hemodialisian prezioa eta kostea berdintsuak dira, 165 euro inguru saioko.

Traumatologiaren lehenbiziko kontsultaren kostua 40 eurotik beherakoa da osasun publikoan. San Miguel klinikari 114 ordaintzen zaio eta Clínica Universitariari 171 euro.

Azkenik, belauneko protesiaren kostua 3.500-4.500 tartean dago. San Miguel Klinikari 4.500 ordaintzen zaio eta ClÍnica Universitariari 7.418.

Datu horiek guztiak ikusta, Kontuen Ganberak uste du itunen inguruko hausnarketa egin behar dela, itunei eutsi edo osasun publikoaren bitartekoak erabiliz eman behar diren erabakitzeko. Baina beti ere, Osasunbideak bere kostuen gaineko azterketak behar ditu, tarifak zehazteko eta bestelako erabakiak hartzeko oso lagungarriak izanen baitira.
Txostenak Osasunbideak zein ospitale pribatuek eginiko alegazioak jasotzen ditu. Alegazio horiek, hala ere, ez dute txostenare edukia aldatu. Azkenik, Kontuen Ganberak txostena egiteko laguntza eman duten Osasunbideako profesionalei eskerrak ematen dizkio eta, oro har, osasungintza publikoan ari diren guztiei, nafar gizartearen aldeko zerbitzua erakusten duten profesionaltasun handiagatik.