Skip to main content

ASOCEX

2013/12 Menpekotasunaren Legearen jarraipena (2010-2012)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Menpekotasun Legearen aplikazioari buruzko txostena kaleratu du. Ezker Batua parlamentari taldeak eskaturiko txostena 2010-2012 epea aztertu du.

Txostenak gogoratzen duenez, menpekotasun legean aldaketa garrantzitsuak izan dira azken urteotan, bai Estatu mailan bai eta Nafarroan ere. Aldaketa nagusiena da, batetik, laguntzak gutxitu egin direla eta, bestetik, laguntza eskatzen denetik jasotzeko eskubidea sortu arteko epea handitu egin da.

Legeak estatuak bermatu beharreko gutxienezko babes-maila ziurtatzen du. Dena den, maila hori elkarte autonomoek handi dezakete, Estatuarekin sinaturiko hitzarmenaren bidez. Elkarte Autonomoek, beti ere, Estatuaren antzeko zenbatekoa ordaindu behar dute. Nafarroari dagokionez, Estatuak bermatu beharreko gutxieneko laguntza Madrilgo Gobernuari ordaintzen zaion kupotik kentzen da. Kontuan hartzekoa da, bestalde, Gizarte Zerbitzuen Foru Legeak Menpekotasun legearen gaineko zerbitzuak bermatzen dituela, beste talde batzuk kontuan hartzen dituelako: zaharrak, minusbaliatuak, buruko gaixotasuna dutenak, gizartetik bazterturikoak, arazoak dituzten adingabeak, biolentzia pairaturiko emakumezkoak…

Txostenak dioenez, 567 lanpostu ditu Gobernuak zerbitzuon kudeaketarako, gehienak asistentzia zentroei loturik. Eskarien azterketa-lanean ari direnak 26 dira, horien artean mediku, psikologo, gizarte-laguntzaile, terapeuta eta administrari-laguntzaileak. Azken bi horiek dira postu gehien dituztenak.

Kontuen Ganberak emaniko datuen arabera, Nafarroako Gobernuak 34.000 eskaera jaso zituen menpekotasunari loturiko laguntzak lortzeko. Aurtengo apirilean oraindik erabaki gabeko 1.000 eskaera zeuden. Gobernuak sei hilabeteko epea dauka eskaria aztertu eta erabakia hartzeko, baina epe hori ez da betetzen.

Kontuen Ganberak dioenez, 2012an menpekotasunari loturiko gastua %12 jaitsi zen aurreko urteko datuekin alderatuz, 150 milioitik 130 milioira. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du gehien (%70), erabiltzaileak %21 eta Estatua da gutxien ordaintzen duena: %9.

Azkenik, zerbitzuen benetako kostuaren eta Estatuak finkaturiko moduluen arteko aldea azpimarratzen da.