Skip to main content

ASOCEX

2011/31 Barañaingo Udala (2010)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/31 Barañaingo Udala (2010) ()

Nafarroako Kontuen Ganberak Barañaingo Udalaren 2010eko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan aztertzen diren gaiak honakoak dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna, udalaren finantza-egoera eta azken txostenetako gomendioen jarraipena.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak eta haren erakunde autonomoek (Lagunak kiroldegia eta Luis Morondo Musika Eskola) 17 milioi euro gastatu eta 18 milioi euro bildu zituzten. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %12 murriztu ziren, batez ere langilerian izaniko murrizketengatik. Diru-sarrerak ere gutxitu egin ziren, baina oso portzentaje txikian.

Langileria-gastuak dira nagusiak: %46. Bestelako ohiko gastuek %35 egiten dute, inbertsioek %17 eta finantza zamak %2. Aipagarria da inbertsioek behera egin zutela nabarmen, 2,8 milioi besterik ez baitzen gastatu. Diru-sarrerei dagokienez transferentziei esker %60 lortzen da eta gainerakoa zergen bidezko diru-sarrerak dira.

Kontuen Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu ekonomia jarduera eta aurrekontu egoera. Salbuespen bakarra udal ondasun zerrenda da, 1992tik gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunaren gaineko azterketa ere Udalaren aldekoa da, oro har indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Azkenik, txostenak udalaren finantza egoera aztertzen du. Kontuen Ganberak dioenez, 2010ean egoera hobetu egin zen azken urteotako datuekin alderatuz. Arrazoia bikoitza da: batetik, langileria eta inbertsio gastuak jaitsi direlako eta, bestalde, ohiko diru-sarrerek bere horretan segitu dutelako. Horri esker aurrekontu emaitza positiboa izan da (1,3 milioi) eta zorra ere gutxitu egin da: 3,1 milioitik 2,7 milioira.

Hau dena ikusirik, Kontuen Ganberak dio ohiko gastuekin zuhur jokatzen segitu behar dela eta, ahal den neurrian, diru-sarrerak handitu. Horrela, udalaren bidegarritasuna bermatuko litzateke epe ertainean.

Azkenik, Auditorioa Fundazioaz ere datu batzuk ematen dira. 2010eko diru-sarrerak 751.000 euro izan ziren, eta urte amaieran superabit txiki bat izan zuen. Udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuten iazko martxoan. Horren bitartez, fundazioak 450.000 euro jaso zituen kultur jarduera finantzatzeko. Horren truke, fundazioak Nafarroako Orkestra Sinfonikoari tokia utzi behar zion, deus kobratu gabe.