Skip to main content

ASOCEX

2012/33 Garinoaingo Udala (2011)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/33 Garinoaingo Udala (2011) ()

Kontuen Ganberak Garinoaingo Udalari buruzko txostena kaleratu du. Fiskalizazioa Parlamentuak eskatu zuen urte hasieran, PSNk, Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak aurkezturiko eskariaren ondorioz. Txostenak 2011ko kontuak eta azken lau urteotako finantza egoeraren bilakaera aztertzen ditu.

Garinoaingo Udalak iaz 593.000 euro bildu eta 608.000 euro gastatu zituen. Hala ere, egin beharreko doikuntzak egindakoan 3.000 euroko superabita izan zuen. Gastuen %18 langileriarenak dira, beste ohiko gastuetara %43 bideratzen da eta %29 transferentziak dira. Inbertsioa gastuen %5 besterik ez da.

Diru-sarrerei dagokienez, zergen bidezkoek %43 egin zuten, transferentziek %47 eta gainerakoa ondare bidezko diru-sarrerak dira.

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu aurrekontu kitapena, ondare egoera eta diru-eragiketen emaitza. Salbuespen bakarra ondasun zerrenda da, gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunari dagokionez, Garinoaingo Udalaren finantza jarduerak indarrean dagoen legedia errespetatu egiten du.

Azken urteotako kontuen bilakaerak erakusten duenez, gastu eta diru-sarrerak beherantz joan dira. 2007tik gastuak erdira murriztu dira eta sarrerak %46. Horren arrazoi nagusia da aurreikusitako inbertsioak bertan behera gelditu direla.

Zorra milioi erdikoa da, eta maila berdintsuan dago azken urteotan. Finantza-zama, ordea, murriztu egin da, 2007an zorra birnegoziatu egin zelako. Aurrekontu emaitzak hobera egin du, duela bost urte defizita ematen zuen bitartean iaz sarrerak handiagoak izan baitziren gastuak baino.

Beraz, azken urteotan kontuen egoerak hobera egin du. Dena den, finantza-zamak 48.000 euroko gastua dauka eta udalak ezin du zor gehiagorik hartu, zorpetze muga gainditu duelako. Horregatik, Kontuen Ganberak ohiko gastuak murriztu eta diru-sarrerak handitzeko ahaleginak egiteko eskatzen dio udalari. Inbertsioak egitekotan, behar-beharrezkoak direnak besterik ez egitea eskatzen du.

Azkenik, udalarentzat galer ekonomikoa ekar lezaketen hiru kontu aipatzen ditu: Txapardia industrialdearen geldiketa, salduriko lur-sail bakarraren erosleak urbanizazioa eska dezakeelako; beste bat herriko lur-sail bati dagokio, espropiazio edo aldaketaren zain dagoena. Eta azkenik, kanpusantu ondoko hegalean egin beharreko lanak aipatzen dira.

Txostenak Garinoaingo alkate ohiaren eta alkate-orde ohiaren alegazioak jasotzen ditu.