Skip to main content

ASOCEX

2013/31 Atarrabiako Udala (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/31 Atarrabiako Udala (2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Atarrabiako Udalaren fiskalizazioa kaleratu du. Bertan, ohi denez, 2012ko kontu orokorra, legezkotasuna eta finantza egoera aztertu dira. Aurreko txostenetan emaniko gomendioen jarraipena ere egin da.

Txostenak dioenez, Atarrabiako Udalak 7,7 milioi gastatu zituen iaz, eta 8,8 bildu. Langileriarena da diru-sail handiena: 4,4 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan bi milioi gastatu ziren, ohiko transferentzietan milioi erdia eta antzeko zerbait inbertsioetan.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 2,4 milioi lortu ziren, ohiko transferentzien bitartez lau milioi eta tasekin 900.000 euro.

Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak % 5 gutxitu ziren, inbertsioen eta gainerako diru-sailen jaitsieragatik. Diru-sarrerak, aldiz, %4 handitu ziren, batez ere Kultur Etxea ordaintzeko eskaturiko maileguari esker.

Aurrezki gordin eta garbia handitu egin dira, Udalak ahalegin handia egin baitu gastuak murrizteko. Dena den, diruzaintzako 1,4 milioiko defizita dago, Kultur Etxeak eragindakoa. Izan ere, obra lanak kultur etxe zaharreko lur-saila salduz ordaindu nahi zen, baina ez zen saldu.

Atarrabiako udalaren zorra 3,7 milioikoa da, aurreko urtean baino %14 gehiago. Dena den, zor-maila udalak har lezakeenetik urrun dago oraindik.

Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak, oro har, ongi islatzen ditu urteko ekonomia jarduera eta baita 2012ko abenduaren amaierako aurrekontu egoera ere. Salbuespen bakarra ondasun zerrenda da, gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunari dagokionez, Atarrabiako Udalak bete egiten du araudia.

Txostenak azken urteotako gastu eta diru-sarreren bilakaeraz ere aztertu du. Gainerako udal gehienetan bezala, Atarrabian ere gastu eta diru-sarrera handienak 2009koak izan ziren, 13 eta 12 milioi, hurrenez hurren. Ondoren, murrizten hasi ziren, batez ere inbertsioen beherakadagatik.

Laburbilduz: Atarrabiako Udalak gastuak murrizteko neurriak hartu baditu ere, oraindik diruzaintzako defizita dauka. Gainerako datuetan hobera egin du, ohiko gastuak murriztu eta zergen bidezko diru-sarrerak handitu direlako.

Txostenak kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu: aurrekontua garaiz onartu, ondasun zerrenda gaurkotu eta hirigintza plan berria egin dadila.