Skip to main content

ASOCEX

2014/06 Gobernuak Nafarroako Kutxan eginiko ikuskaritza-lana (1982-2011)

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Gobernuak Nafarroako Kutxari eginiko ikuskaritza-lana aztertu du gaur kaleraturiko txosten batean. Parlamentuak eskatu zuen txostena, PSN eta Bildu taldeen eskariaren ondorioz.

Txostenak 1982tik 2011ra arteko epea aztertu du: Foru Hobekuntza onartu zenetik, Nafarroako Kutxa Banca Cívican sarturik finantza entitatea izateari utzi zion arte. Jakina denez, urte bete geroago desagertu egin zen, CaixaBankek bereganatuta. Orduan, gizarte-ekintza eta bere ondarea kudeatzen dituen fundazio bihurtu zen.

Nafarroako Kutxa Diputazioak sortu zuen 1921ean. Ongintza zuen helburu nagusi, beti ere Diputazioaren babesaz baliatuz. Urteek aurre egin ahala, ordea, izaera pribatuko finantza-entitate bihurtu zen.

Kutxaren estatutuek Nafarroako Gobernuaren esku uzten dute finantza-entitatearen ikuskaritza: kontu eta funtzionamenduaren gaineko ohiko ikuskaritza nola ez ohikoa, kutxaren edozein arlori buruzkoa. Finantza-ikuskaritza Espainiar Bankuak agindutakoaren arabera egin behar da. Eta Espainiar Bankuaren esku gelditzen da, halaber, goiko ikuskaritza izenekoa.

Txostenak kutxaren estatutu guztiak aztertu ditu, organoak-eta zehaztuz eta baita Diputazioko agintarien parte-hartzea ere, garaian garaikoa. Kutxako goi karguak izendatzeaz gain, Gobernuak kontrol fiskalaren ardura izan du beti, Zerga-Ogasunaren bitartez.

Gobernuak bete egin du Estatutuek Kutxako organoen izendapenean agindurikoa. 2010era arte, Diputazioko agintari nagusien esku egon dira postu horiek. Kontuen Ganberak dioenez, bitxia zen egoera: kutxaren jarduera kontrolatzea ahalmena zutenak, aldi berean, kutxako zuzendaritza eta kontrol organoetako kideak ziren.

Gobernuan bada kutxaren gaineko kontrola bere gain hartzen zuen atal bat: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Finantza-Jarduera atala, hain zuzen. Hiru lanpostuz horniturik dagoen atalak, hala ere, baditu beste eginkizun batzuk, horien artean sektore publikoaren zorra kudeatzea.

Txostenak dioenez, 1982tik 2011ra Nafarroako Gobernuak ez zuen Kutxaren jarduerari buruzko ikuskaritzarik egin, ez ohikorik, ez berezirik. Espainiar Bankuak egin beharreko ikuskaritza-lanen berri ematen zion Gobernuari. Hala gertatu zen 1983an, lehenbiziko aldiz, eta beste bitan ondoren: 2001ean eta 2004an, hain zuen.

Legeak Gobernuaren esku uzten duen beste ahalmena kutxari babesa ematekoa da. Alde horretatik, jarduera nagusia estatutuen onarpen eta aldaketa da, beti ere Madrilgo Ogasun Ministerioarekin elkar lanean.

Nafarroako Kutxak urtero bidaltzen zizkion Gobernuari kontuak, memoria, kudeaketa-txostena eta kontuen auditoria. Auditoria-txostenen iritzia kudeatzaileen aldekoa da 2011n izan ezik, kutxa Banca Cívican sartu zen urtekoa, hain zuzen.

Laburbilduz: Nafarroako Gobernuak ez du Nafarroako Kutxan ikuskaritza-lanik. Espainiar Bankuak eginikoa jasotzera mugatu da. Kontuan hartzekoa da hasieran erakunde publikoen babespean sorturiko kutxak finantza-sisteman sartzen joan zirela denboraren poderioz. Horrek azal dezake ikuskaritza-lana ere Espainiar Bankuaren esku gelditu izana.

Sortu zenetik 2010era, Gobernuko ordezkariak kutxako organoetako kideak izan dira. Ondoren ere, agintarien esku gelditu da kutxako goi mailako ordezkarien izendapena. Beraz, Gobernuak bazuen bide hori erabiltzea, kutxaren gaineko kontrol zuzena egiteko.

Dena den, Kontuen Ganberak ez du uste kontrol sistema hori egokia izan zitekeenik-. Izan ere, kutxako goi mailako kargudunak, edo kargudunen izendapenaz arduratzen direnak, ez dira egokienak Gobernuak egin beharreko kontrolaz arduratzeko.