Skip to main content

ASOCEX

2013/23 Moderna Fundazioa (2008-2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/23 Moderna Fundazioa (2008-2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Moderna planari buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Bildu-Nafarroa taldearen eskaeraren ondorioz. Txostenaren helburua da Gobernuak Moderna egitasmoan gastaturikoa zehaztea, eta haren jarduera eta kontuez iritzia ematea.

Txostenak dioenez, 2008an Nafarroako Gobernuak, Enpresarien Elkarteak eta UGT eta CCOO sindikatuek hitzarmen bat sinatu zuten lurraldeko garapen jasangarria bultzatzeko. Ezagutzan oinarrituriko ekonomia helburu nagusitzat harturik, Anain enpresaren esku utzi zuten planaren zehaztapena. Beti ere, azken helburua zen Nafarroa Europako hogei lurralde aberatsenetan kokatzea.

Azkenik, Moderna Fundazioa sortu zen plana kudeatzeko. Egitasmoak hiru jarduera-arlo ditu: ekonomia berdea, osasun-ekonomia eta talentuarena, bakoitzak jarduera zehatz batzuk dituela, horien artean Moderna zigilua, Ekintzaile beka, inbertsiorako Moderna funtsak, Moderna foroa eta Europar Bankuaren finantzazioa.

Fundazioaren patronatuak 31 kide ditu, Gobernuak, Parlamentuak eta sortzaileek izendatuta. Batzorde iraunkor bat ere badago.

Txostenak dioenez, 2008-2012 epean Gobernuak 3,2 milioi gastatu ditu Moderna egitasmoan. Zati nagusia (bi milioi) enpresa publikoari eginiko enkarguetan gastatu da. Aipatzekoa da enpresak, bere aldetik, enpresa aholkulari baten esku utzi zituela lanak.

Fundazioaren gastuari dagokionez, iaz 630.000 eurokoa izan zen, gehiena bertan lanean ari diren zortzi langileen soldatak ordaintzeko (380.000 euro). Fundazioaren kontuak auditore pribatu batek ikuskaturik daude, eta iritzia aldekoa da.

Moderna Fundazioaren izaera pribatua da. Kontuen Ganbera ez dago ados horrekin, helburuak eta finantziazioa publikoak izanik, fundazio publikoaren izaera behar zuelako. Aipatzekoa da Parlamentuko legelariek ere horixe bera esan zutela.

Txostenak Moderna Fundazioak eginiko jarduera aipatzen du: 228 zigilu eman ditu, Europar Bankuaren finantziazioa zuten 69 eragiketa sinatu ziren, Sodenak 3,5 milioiko abalak eman ditu...

Eginiko lanaren eraginkortasunaz ez da iritzirik eman. Izan ere, oso epe luzeko helburuak finkatu dira eta, beraz, urte bakar batek ezin du emaitzaren aztarnik islatu.

Azkenik, txostenak gomendio batzuk ematen ditu. Horien artean, zigilua duten proiektuen jarraipen hobea. Kontuen Ganberak bestelako neurriak eskatzen ditu, batez ere krisiari aurre egiteko. Fundazioaren finantziazioaz ere bada aipamenik: fundazioaren lana garrantzitsutsez jotzen bada, epe luzeko helburu eta kudeaketa dituen fundazioak finantziazio finkoagoa behar luke eta ez orain arte bezalakoa, urteroko aurrekontuen menpe baitago.