Skip to main content

ASOCEX

2013/32 Andacelay udal enpresak erositako "preferente"ei buruzko txostena (2011-2013)

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Egues Ibarreko Udalaren Andacelay enpresak erositako partaidetza preferenteen erosketa aztertu du, gaur ezagutarazitako txosten batean. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, PSN taldearen ekimenez. Txostenaren helburua hirukoitza da: batetik, erosketaren dokumentazioa aztertzea; bestetik, eragiketaren gardentasunaz iritzia ematea; eta, azkenik, emaitzaren berri ematea.

Eguesibarreko Udalak 2004an sortu zuen Andacelay enpresa, bereziki herriko hirigintza kudeatzeko. Enpresaren kontuak ikusita, argi dago diru asko mugitu duela, bai likidezian nola epe motzeko finantza-inbertsioetan. Sortu zenetik, 13 milioi irabazi ditu, batez ere udal beste enpresei salduriko lur-sailei esker. Azken bi urteotan, ordea, dirua galdu du.

Txostenak dioenez, preferenteak aurrezki kutxek eskaintzen zituzten, kaudimen-ratioak hobetzeko. 2000ko hamarkadaren amaieran saldu ziren, batez ere inbertitzaile txikien artean. Garai hartan, finantza-entitateen fondo propiotzat hartzen ziren, eta hortik zetorren bankuen interesa. 2011n, ordea, hori aldatu zen eta, gainera, inbertsiotzaileen baldintzak ere okertu egin ziren, kutxen galerak onartzera behartu zituztelako.

Arautegiaren aldaketak eta krisiak preferenteen gainbehera ekarri zuten. Erosleek arazo handia zuten: izan ere, saltzeko merkatua oso berezia da, diru gutxi mugitzen du eta, gainera, saltzeko aurretik inbertsioaz jabetzeko prest dagoen eroslea behar da. Hori aurkituz gero, noski, prezioa nabarmen txikiagoa izaten da.

Laburbilduz: finantza produktu oso korapilatsu, zaila eta arrisku handikoa da, inbertsiotzaile profesionalei zuzendutakoa.

Txostenak dioenez, 2011ko martxoan Andacelay enpresak 100 partizipazio erosi zituen Catalunya Caixan, Iruñeko bulego batean, 100.000 euroren truke. Dokumentuak orduko enpresako presidente eta Eguesibarreko alkatearena sinadura dauka. Egun berean, eta bulego berean, 300.000 euroko diru-sartzea egin zuen, epe finkora, errentagarritasuna aurreko erosketari lotua. Kontu hori itxita dago. Lau egun geroago, udal enpresak beste 2,2 milioi sartu zituen, 2011ko ekainean kontuan itxi bazen ere.

Eguesibarreko Udalak ikerketa batzordea sortu zuen, udalaren eta enpresaren kudeaketa aztertzeko. 2012ko maiatzean osoko bilkurak konklusioak onartu eta Diputazioko Ogasun Departamentura bidaltzeaz gain, fiskala eta epailearen esku utzi zituen. Alkateak enpresaren presidentzia eta alkatetza utzi behar izan zituen. Nafarroa Bai udal taldeak alkatearen aurkako salaketa aurkeztu zuen, prebarikazioa, diru publikoaren erabilpen bidegabea eta iruzurra leporatuta. Epailea lanean hasi eta gaia aztertzen ari da.

2013ko ekainean, Andacelay enpresaren Administrazio Kontseiluak preferenteak saltzea erabaki zuen. 100.000 eurotik 33.000 berreskuratu zituen.

Konklusioak

Preferenteak finantza produktu oso berezi eta arriskutsua zen. Ez dira bateragarriak kudeatzaile publikoek erakutsi beharreko zuhurtziarekin. Gainera, kontuan hartzekoa da Catalunya Caixaren egoera txarra zela, urte bete lehenagotik jasotzen ari zen laguntza publikoek frogatzen zuten bezala. Beraz, horrek eragin handia zuen erositako produktuaren errentagarritasunean.

Erosteko erabakia 2011ko martxan hartu zen, garairik txarrenean. Izan ere, arautegiaren aldaketak eta krisiak nabarmen kaltetua zuten produktuaren errentagarritasuna. Garai hartan inbertsio txarrenetakoa bazen ere, finantza munduaz asko zekien pertsona batek egin zuen, kutxak berak horixe baieztatzen baitu dokumentazioan.

Inbertsioak 65.000 euroko galera ekarri zuen.

Ez da udal enpresa bati inbertsio mota hau espresuki debekatzen dio araurik. Hala ere, kudeatzaile publiko batek interes orokorrari begiratu behar dio, eta argi dago kasu honetan ez zela horrelakorik gertatu.

Gainera, erosketa prozedura, barne kontrol eta gardentasunik gabe egin zen. Izan ere, Andacelay enpresako ordezkariek ez zuten informaziorik jaso, eta urteko kontuetan ere ez zen islatu. Agintari batek, diru publikoa erabiltzen ari dela, hiru irizpide bete behar ditu: legezkotasuna, gardentasuna eta kudeaketa ona. Bada, hemen hiruak nabarmen urratu ziren.

Azkenik, aipatzekoa da orduko alkatea –eta enpresako burua- Caixa Catalunyako langile ohia zela. Andacelayko beste kontseilu kide bat ere kutxan lanean aritua zen. Eta erosketa egin zen bulegoko zuzendaria gaur egun Eguesibarreko zinegotzia eta Andacelayko batzordeko kidea da.