Skip to main content

ASOCEX

2014/20 Ospitaleetako sukalde zerbitzuaz

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/20 Ospitaleetako sukalde zerbitzuaz ()

Kontuen Ganberak ospitaletako sukalde zerbitzuari buruzko txostena kaleratu du. Bildu eta Aralar Nafarroa-Bai parlamentu-taldeek eskatuta egin da azterketa, sukalde zerbitzua batu eta enpresa baten esku utzi zenetik atera daitezkeen konklusioak ezagutzeko: ea hitzarturiko baldintzak betetzen ari diren, enpresak zenbat kobratu duen eta Osasunbideak dirurik aurreztu ote duen.

Kontuen Ganberak gogoratzen duenez, Osasunbideak 2011n aurkeztu zuen txosten baten arabera komenigarria zen sukalde zerbitzuan aldaketa bikoitza egitea: alde batetik, janaria prestatu ahala zerbitzatu beharrean izoztu eta ondoren banatzea; eta, bestetik, zerbitzua enpresa baten esku uztea, sukaldeak batzeak zekarren kostua bere gain har zezan, Osasunbideak zerbitzuagatik ordainduko zion prezioaren truke. Horrekin 2,7 milioiko aurrezkia lortzea aurreikusten zen.

Parlamentuak eskatuta, Kontuen Ganberak txosten bat egin zuen, eta Osasunbidearen azterketa ez zuen ontzat eman, batez ere kostuak kalkulatzerakoan produkzio sistema ezberdinak nahasten zirelako: betiko sistema Osasunbideko langileek kudeatuta eta berria kanpoko enpresa baten esku utzita. Horrela ez zegoen jakiterik zein zen aukera hoberena eta zerbitzua kanporatzea merkeagoa ote zen.

Beraz, Kontuen Ganberak aukera guztiak behar bezala aztertzeko eskatu zion Gobernuari. Eta, gainera, aurrezkia ez ezik, bestelako ondorioak ere kontuan har zitzala, hala nola langileen egoera, dieten prezioaren bilakaera eta kalitatea.

2012ko uztailean, Nafarroako Gobernuak Mediterránea de Catering enpresaren esku utzi zuen zerbitzua, lau urteko eperako, 22,8 milioiren truke. Enpresak sukalde berria egin eta lanean hasi zen, hitzarturiko sistema berria erabiliz: jakiak prestatu eta izoztu, ondoren gaixoei banatzeko.

Gobernuak beste lanpostutara bidali zituen sukaldeetako 59 funtzionarioak, 128 langileren kontratua bertan behera utzi zuen eta 10 kontratadun esleipena lortua zuen enpresan hasi ziren lanean.

Enpresak sei bat milioiko inbertsioa egin zuen sukaldeak batzeko, eta 2013ko otsailean Bideko Ama Birgina, Nafarroako Ospitalea eta Ubarmin klinikako janari zerbitzua kudeatzen hasi zen.

Kontrol sistema

Txostenak Osasunbideak eta Osasun Publikoaren Institutuak egiten duten kontrola aztertu du. Bada elikagai-segurtasunerako batzorde bat, bi erakundeetako ordezkari batzuk osaturik. Batzordeak eginiko kontroletan era askotako arazoak antzeman ziren: jan gabeko dietak, gaizki eginiko menuak, tenperatura desegokia, dieta berezietan akatsak...

Osasun Publikoaren Institutuak 34 ikuskapen egin eta 84 arazo antzeman zituen, gehienak tenperatura eta garbitasunari lotuak. Dena den, aipatzekoa da arazo gehienak hasierako hilabeteetan gertatu zirela.

Kontuen Ganberak ontzat hartzen dun kontrol sistema. Horren ondorio dira enpresari zabalduriko hiru zigor espedienteak.

Kontratuaren baldintzei dagokienez, ez dira behar bezala betetzen: hitzarturiko elikagai zerrendatik kanpoko produktuak erabiltzen dira eta bazkari zein afarian eman beharreko botila ur ez da ematen.

Gaixoek erretiluan jan gabe uzten duten janari-kopuruaren kontrola aurreikusia bazegoen ere, behin baizik ez da egin, iazko apiril-maiatzean, hain zuzen. Horren konklusioa da jan gabea ehuneko 46raino heltzen dela lehen platerean eta ehuneko 41eraino bigarrenean. Postrean, berriz, portzentajea ehuneko 13 besterik ez da.

Gaixoek aurkezturiko kexa-kopurua ere aipatzen da. 2013tik aurtengo maiatzera artekoak 2.322 izan dira, gehienak janariaren kalitate eskasagatik. Bestelako arazoak ere aipatzen dira: dieta, tenperatura desegokiak, gutxi ematen dutela, ordutegia ez dela betetzen...

Aipatzekoa da kexa gehienak 2013ko hasieran jaso zirela. Geroztik urritzen joan dira.

Hona hemen zerbitzua enpresaren esku utzi aurretik jasotako kexa kopurua: hiru 2010ean, lau 2011n eta zortzi 2012an.

Fakturak eta aurrezkia

Mediterránea de Catering enpresak 5,3 milioi kobratu zuen iaz (BEZ barne). 2012ko kostuarekin alderatuz, bi milioi eta erdiko aurrezkia lortu da. Aurrezkia, ordea, handiagoa zatekeen zerbitzua enpresa baten esku utzi beharrean Osasunbideak berak kudeatu izan balu: 670.000 euro merkeago aterako litzateke.

Beraz, azterketak frogatzen du zerbitzuak kanporatu izanak ez duela aurrezkirik sortu. Produkzio sistema berria eta sukaldeen batasunaren ondorioa da lorturiko aurrezkia.

Kontuen Ganberak dei bat egiten dio Gobernuari zerbitzuaren etorkizunaz eta emateko moduaz hausnarketa egin dezan: kanpoko enpresa baten bidez, kudeaketa zuzenaren bitartez edo formula mistoa erabiliz.