Skip to main content

ASOCEX

2014/21 Egues Ibarreko hirigintza sozietateak (2004-2013)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Egues Ibarreko sozietate publikoen kudeaketa aztertu du, gaur Parlamentura bidalitako txosten batean. Hiru sozietateren jarduera aztertu da: Andacelay, 2004an udalak berak sortua, eta Andacelayk Nasipa kide pribatuarekin sorturiko beste bi: Sociedad Gestión y Promoción Egüés 21 (2005ean sortua) eta Sociedad Gestión y Promoción Egüés 21-II (2010ean sortua).

Egues Ibarreko Udalak alkatea buru zuen Andacelay enpresari lursail batzuk eman zizkion babesturiko etxebizitzak bultzatzeko. Horretarako, aipaturiko beste bi enpresa sortu zituen, kide berarekin. Andacelayk udaletik jasotako lursailak enpresa mistoei saldu zizkion, eta udal sozietateak kide pribatuaren esku utzi zuen kudeaketa. Bi enpresek 62 milioi gastatu eta 366 etxebizitza egin dituzte. Andacelayk, bere aldetik zortzi milioiko inbertsioa bultzatu zuen udalarendako obra batzuk egiteko, udaletxea eta igerilekuak, hain zuzen.

Egüés 21 enpresa iaz likidatu eta desegin zen. Nasipa kide pribatua hartzekodunen borondatezko lehiaketa egoeran dago, eta milioi eurotik gorako zorra utzi dio Egüés 21-II enpresari. Aipagarria da zor hori ez zegoela enpresa mistoaren kontabilitatean jasota.

Kontuen Ganberak dioenez, Egues Ibarreko Udalak ez zuen enpresa mistoen gaineko kontrol egokirik egin. Horren ondorioz, ez ziren bete administrazio publikoetatik bermatu behar diren oinarrizko irizpideak: legezkotasuna, publizitatea, gardentasuna, kudeaketa ona, berdintasuna eta interes orokorra. Udaleko kontrol organoek ere ez zuten enpresen gaineko kontrolik egin.

Egoera nabarmen aldatu zen 2012ko maiatzean, Andacelayren administrazio kontseilua aldatu zelarik. Geroztik, udal ordezkariek kontrol zorrotzagoa egiten diote lanean segitzen duen enpresa mistoari.

Kontratazioari dagokionez, hirigintza sozietateek ez zituzten bete publizitate eta konkurrentzia irizpideak. Kide pribatuari eman zioten faborezko tratuaren isla da, esaterako, etxebizitzak egiteko aurkeztua zuen eskaintza ere ez zuela bete konpromiso finantzarioetan.

Azterturiko kontratazio prozesu batean Nasipako ordezkaria agertzen da kontratazio organoan buru. Nasipak eskuratu zuen esleipena. Etxebizitzak bultzatzeko proiektu teknikoren bat aukeraketa egin baino lehenago emana zegoela frogatu da.

Bestalde, bai Andacelayk eta bai Nasipak ere atzean gasturik edo zerbitzurik ez duten 1,7 milioiko fakturak kobratu zizkioten Egüés 21 enpresa mistoari.

Kide pribatuak behar baino diru gehiago jaso zuen Egüés 21 enpresaren kudeaketa egiteagatik. Beste enpresa mistoaren finantziazioaz harturiko konpromisoa ere ez zuen bete. Andacelay enpresako ahaldun-ohiak kobratu ezin zituen ordainsariak jaso zituen (Egues Ibarreko zinegotzia soldatapekoa zen, eta esklusibotasun-gehigarria kobratzen zuen).

Andacelayk erosi zituen "preferente"ak ere aipatzen dira. Berriki kaleratutako txosten batean, Kontuen Ganberak esan du horrek 65.000 euroko galera eragin diola udalari.

Txostenak, beraz, era askotako lege-hausteak salatzen ditu: kontratazioan, zergen ordainketan eta kontuetan. Aipatzekoa da profesional pribatuek sozietate publikoei eginiko kontu-ikuskaritzek ez zutela horrelakorik azaleratu.

Kontuen Ganberak honen guztiaren emaitza ekonomikoa ere aztertu du, batez ere udalaren eta kide pribatuaren ondarean izaniko eragina.

Udalari dagokionez, 4,5 milioi irabazi zuen. Enpresa mistoak sortu beharrean, lursailak saldu izan balitu, etekina hiru milioikoa izango zen. Kide pribatuak, berriz, zazpi milioitik gora irabazi du. Enpresa mistoetan partu hartu beharrean soilik etxebizitzak bultzatu eta egin izan balitu, etekina lau milioikoa izango zen. Beraz, biak ondarean etekina izan dute, maila ezberdinean, etxebizitzak egin eta saltzeko arriskua hartuz, denak saldu zituztelako.

Kontuen Ganberak, berriro ere, hirigintza sistema gardenagoa aldarrikatzen du. Izan ere, agintari publikoek kide pribatu baten esku utzi dute sozietate mistoen kudeaketa, eta horrek ez ditu bermatu administrazio publikoei eskatu beharreko hiru irizpide nagusiak: gardentasuna, legezkotasuna eta interes publikoa.

Azkenik, txostenak dio emaitza ekonomikoak ez duela eginiko kudeaketa inondik ere justifikatzen.