Skip to main content

ASOCEX

2013/19 Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketari buruzko txostenean eginiko gomendioen jarraipena

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Unibertsitate Publikoaren kudeaketari buruzko txostena argitaratu du. Bertan 2010eko txostenak jasotako gomendioen jarraipena egiten da.

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, Unibertsitate Publikoak ahalegin handia egin du Bologna Planera egokitzeko. Kudeaketan ere hobekuntza batzuk egin dira, Kontuen Ganberak proposaturiko bidetik: irakaskuntza planaren jarraipena, absentismoaren kontrola edo ikerketa proiektuen fondoen banaketa.

Kontuen Ganberaren aburuz, Unibertsitateak bestelako kontabilitatea martxan jartzeko pausoak egin behar ditu: kostuak ezagutzea aukera emanen duen kontabilitatea, hain zuzen. Txostenak gogoratzen duenez, legeak bi urte eman dizkie unibertsitateei kontabilitate hori martxan jartzeko.

Unibertsitatearen finantzatze publikoaren sistema aldatzeko beharra ere azpimarratzen du: urtez-urte negoziatu beharrean, hainbat urtetarako planaren aldekoa da, egonkortasuna bermatzeko. Ereduak gardentasuna, kalitatea eta eraginkortasuna bultzatu behar lituzke, irakaskuntzan, ikerkuntzan eta baita ikastetxearen kudeaketan ere. Kontuan hartzekoa da gaurko ereduak inbertsioen plana ere zaildu egiten duela.

Gobernuak Unibertsitateari emaniko diru-laguntzak behera egin du azken urteotan. Txostenak dioenez, 2008an 66 milioi jaso zituen bitartean, iaz 51 jaso zituen.

Bestalde, Unibertsitateak onartu gabe ditu legez onartu beharreko arau batzuk, aurrekontu, kontu eta kontrolari buruzkoak.

Ikerkuntzari dagokionez, sektore pribatutik jasotako bitartekoak gutxi egin dira krisiaren ondorioz.

2009-2012 epeko bilakaera islatzen duten adierazle batzuk ere aipatzen dira: diru-sarrerak %10 gutxitu dira, Gobernuaren diru-laguntzaren murrizketagatik. Matrikularen bidezko sarreren portzentajea handitu egin da. 2009an %11 zen bitartean, iaz %14 izan zen.

Unibertsitatearen gastuak %8 murriztu dira, batez ere langileria eta inbertsioetan.

Irakasle-kopurua %2 gutxitu da (617tik 607ra) eta administraziokoa %3 (617tik 607ra). Ikasle-kopurua %6 gutxitu da: iaz 6.943 zeuden. Irakasle bakoitzak, bataz beste, 11 ikasle ditu (2009an 12 ziren). Administrazioko langileei dagokienez, hamalau ikasleko langile bat dago.