Skip to main content

ASOCEX

2014/22 Agoizko Udala (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/22 Agoizko Udala (2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Agoizko Udalari buruzko fiskalizazio-txostena aurkeztu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, PSNk eta PPk bultzatuta. Agoitzek 2.640 biztanle ditu, eta udalak erakunde autonomo bat dauka –Musika Eskola- eta kiroldegia kudeatzeko sozietate publiko bat: Kanpondoa S.L. Txostenak 2012ko kontu orokorra, legezkotasuna eta finantza egoera aztertu ditu.

Duela bi urte, Agoizko udalak hiru milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, bi milioi eta erdi izan ziren. Gastuei dagokienez, ondasun eta zerbitzu arruntak dira nagusiak (1,4 milioi). Inbertsioek 700.000 euro egin zuten, eta langilerian 600.000 euro gastatu zen. Diru-sarrera nagusiak transferentziak dira: 2,2 milioi. Zuzeneko zergen bidez 700.000 euro bildu zen, eta tasa eta prezio publikoei esker 340.000 euro.

Udalak aurkezturiko kontu orokorrak akats asko dituenez, ez du islatzen udalaren finantza egoera. Bestalde, barne kontrola oso ahula da, batez ere kontabilizazioa atzerapen handiz egiten delako. Beraz, ez da kudeaketa-tresnatzat erabiltzen.

Kontuen Ganberak 2012a oso urte zaila izan zela aipatzen du, likidezia-arazo askorekin. Aipatzekoa da Udalak aurreko urteetako kontu batzuk aztertu eta konpondu behar izan zituela, hala nola, kobratu gabeko zergen kitapena, beste udaletatik jaso beharreko diruaren kobrantza eta kiroldegia kudeatzeko modua ere aldatu zen, sozietate publiko baten esku uzteko.

Gainera, bainu-zentroa egiteko 2009an eskaturiko mailegua itzultzen hasi zen. Helburua zen inbertsioa etxebizitzen salmentari esker finantzatzea eta, bitartean, 700.000 euroko mailegua "zubitzat" erabiltzea, ordaintzen hasteko. Kontua da krisiak bertan behera utzi duela plana, etxebizitzak ez baitira saldu.

Gainera, Itoiz Fundazioak ez du laguntzarik eman hitzarturiko inbertsio batzuk ordaintzeko. Eta zerbitzu batzuen diru-laguntza (0-3 urte bitarteko eskola, esaterako) atzerapen handiz kobratzen da.

Honek guztiak nabarmen zaildu du udalaren finantza-egoera. 800.000 euroko zorrari diruzaintzan dagoen milioi euroko defizita gehitu behar zaio. Udalak neurri batzuk hartu ditu gastuak murriztu eta kobratzeko zituen diru-sarrerak jasotzeko, baina horren eragina hurrengo ekitaldietan sumatuko da.

Kontuen Ganberak biltzen dituen gomendioen artean nabarmentzekoa da kontabilitatea eta udal kudeaketa hobetu eta modernizatzeko beharra. Alkateak berak alegazioetan azpimarratzen duenez, udala lanean hasia da egoera hori konpontzeko.