Skip to main content

ASOCEX

2013/28 Iruñeko Udala (2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/28 Iruñeko Udala (2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren fiskalizazio txostena plazaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: 2012ko kontu orokorra, legezkotasuna, finantza egoera eta Kontuen Ganberak azken txostenetan eginiko aholkuen jarraipena.

Iruñeko Udalak bi erakunde autonomo ditu (Hirigintza Gerentzia eta Haur Eskolak), bost enpresa publiko (Comiruña, Mercairuña, Animsa, Pamplona Centro Histórico eta Asimec) eta Gaiarre Fundazioa. Miserikordi Etxean ere parte hartzen du. Txostenak udalaren eta aipaturiko guztien datuak eskaintzen ditu.

Iruñeko Udalak iaz 204 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak, berriz, 225 milioikoak izan ziren. Langileriarena da gastu nagusia: 78 milioi. Iruñeko Udalak 1.200 langile ditu, eta beste 200 Hirigintza Gerentzian eta Haur Eskoletan ari dira.

Gastuaren bigarren partida nagusia ohiko ondasun eta zerbitzuak dira: 65 milioi. Inbertsioen gastua nabarmen gutxitu da azken urteotan. Iaz 28 milioi gastatu ziren.

Txostenak iazko inbertsio nagusiak aztertu ditu: San Frantziskoko liburutegia, Etxabakoizko igogailuak, Labriteko bastioiko obrak eta kartzelako eraistea. Txostenak dioenez, obra horien kudeaketa egokia izan da.

Sanferminetako zentroak ere aipamenik merezi du. Kontuen Ganberak dioenez, Udalak 6,3 milioi gastatu ditu orain arte huts eginiko proiektuan.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentzien bidez 93 milioi lortu ziren, zuzeneko zergekin 48 milioi eta prezio publikoen bitartez 28 milioi.

Kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondasun eta finantza egoera, eta baita urte amaierako emaitza ere. Dena den, salbuespen bat aipatzen da: balantzeak ez dituela kontuan hartu Udalaren pentsio sistemak sortzen dituen beharrak. Udalak berak egina duen azterketa baten arabera, aipaturiko pentsio sistemak urtean 21 milioi euroko kostua du.

Legezkotasunari dagokionez, Iruñeko Udalaren finantza jarduera indarrean dagoen legediaren araberakoa da.

Udalaren finantza egoera ere aztertu da. Zorraren igoera azpimarratzen da: 105 miliokoa zen 2011n, eta iaz 116ra igo zen. Horren ondorioz, udalak ordaindu beharreko finantza zama ere handitu egin da. Txostenak gogoratzen du Iruñeko Udalak iaz 16 milioiko mailegua hitzartu zuela Inbertsioen Europar Bankuarekin.

Funtzionamendu-gastuak murriztu egin dira, batez ere langileria, ohiko ondasun eta zerbitzuak, eta baita ohiko transferentziak ere. Horri esker, 16 milioiko aurrezki garbia lortu da.

Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina bost milioi eta erdikoa da. Aurreko urteko datuekin alderatuz, nabarmen hobetu da, orduan negatiboa baitzen 3,6 milioitan.

Kontuen Ganberak emaniko gomendioen jarraipenari dagokionez, hobetu diren hiru gai aipatzen dira: diru-laguntzen plan estrategikoa, zerbitzuen kontratuen azterketa eta espediente elektronikoa. Bete gabe daudenen artean bi nabarmen daitezke: kontu-hartzailetzaren lana indartzea eta azken hirigintza-garapenetako lur-sailen sailkapena aldatzea, balorazio ponentziaren bitartez.