Skip to main content

ASOCEX

2014/38 Itzalpeko ordain-saria

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/38 Itzalpeko ordain-saria ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Gobernuak "itzalpeko ordain-saria" sistemaren bidez eginiko hiru proiekturen egoera aztertu du: bideko Autobidea, Pirinioko Autobidea eta Nafarroako Ubideak ureztaturiko lekuak.

Bideko Autobidea Autovía del Camino, S.A. enpresak egin zuen. 70 kilometroko mantentze-lanaz ere enpresa bera arduratzen da. Autobidea erabiltzen duten auto kopuruaren araberako ordain-saria pagatzen zaio.

Pirinioko autobideari dagokionez, Autovía del Pirineo, S.A. enpresa da esleiduna. 16 kilometroko bi zati egin zituen, eta autobideak dituen 45 kilometroko mantentze lanaz ere arduratzen da. Ordainketa aurrekoa bezalakoa da: erabiltzaileen araberako ordain-saria.

Ubideak ureztaturiko eremua Baldizarbetik Ablitaseraino doa. Guztira, 177 kilometro dira, bi fasetan eginak. Lehen fasea amaiturik, 22.000 hektarea ureztatu dira. Lehen fase horren zabalpena esleitu berria da beste 15.000 hektarea ureztatzeko. Kasu honetan, finantzaketa ezberdina da, lur-sailen jabeak ere zati bat ordaintzen baitu: obra lanen ehuneko 15, hain zuzen. Gainerakoa Gobernuak pagatzen du, ordain-sari baten bidez. Hori finkatzeko kontsumituriko ura zein kalitatea kontuan hartzen dira.

Txostenak hiru esleipenen orain arteko balantzea egin du. Beti ere kontuan hartuz balantze probisionala dela, esleipenak 30 urterako baitira.

Aipatzekoa da, 2013ko Nafarroako aurrekontuetan 67 milioiko gastua zegoela ordain-sarioi aurre egiteko: 38 milioi bideko Autobidean, 15 milioi Piriniokoan eta 14 milioi Ubidean. Zenbatekoa Foru Administrazioaren ohiko gastuen ehuneko 12 da.

Nafarroako Ubidea

2007-2013 epean, Nafarroako Gobernuak 50 milioi ordaindu dizkio esleidunari INTIA sozietate publikoaren bidez. 2013ra arte, enpresak 2,6 milioiko galerak izan ditu. 2013an, lehen aldiz, dirua irabazi zuen.

Txostenak dioenez, INTIA ongi ari da kontrolatzen proiektua.

Pirinioko Autobidea

2012ko urtarrilean zabaldu zen. Gobernuak 28 milioi ordaindu dizkio enpresari 2012 eta 2013an. Autobidea erabiltzen duen ibilgailu-kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da: kilometroko 19 milioi gutxiago, hain zuzen.

Enpresaren aburuz, Aragoi aldeko zatia egin ez izanak kaltea ekarri dio, trafikoa uste baino murritzagoa delako. Horregatik, kexa bat aurkeztu dio Gobernuari diru gehiago eskatuz. Gobernuak ezezkoa eman dio, eta orain auzia epaitegian dago.

Kontuen Ganberaren ustetan, "harrigarria" da 30 urterako esleipena duen enpresa batek lehen urtean diru gehiago eskatzea, are gehiago kontuan hartuz Nafarroak ez duela zer ikusirik egin gabeko lanekin. "Logikoa da –dio txostenak- enpresak etekina ateratzea, baina arrisku bat hartzen du. Zentzugabea litzateke enpresen kolaborazioa arriskurik gabea izatea, alegia, arriskua beti Administrazioak bere gain hartzea".

Orain arte, autobidearen esleipena duen enpresak 600.000 euro galdu ditu.

Bideko Autobidea

2006an zabaldu zen. Autobidea erabili duen ibilgailu-kopurua askoz handiagoa da orri-baldintzetan aurreikusitakoa baino: 145 milioi gehiago kilometroko. Dena den, 2010ean kopurua jaisten hasi eta azken bi urteetan aurreikusitako kopurura ere ez da heldu.

2007-2013 epean, Nafarroako Gobernuak 262 milioi ordaindu dizkio enpresari. Enpresak etekinak lortu ditu urtero, guztira 45 milioi. Akziodunen artean 59 milioi banatu ditu, irabaziengatik eta etorkizuneko kenketa fiskalengatik.

Kontuen Ganberaren aburuz, arriskutsua da etorkizuneko irabaziengatik dirua banatzea. Izan ere, baliteke etekin horiek ez lortzea. Dena den, enpresa betetzen ari da aurreikuspen ekonomikoak.

Datuok argi erakusten dute itzalpeko ordain-sariaren bidez eginiko hiru proiektuek emaitza ezberdina izan dutela.

Kontuen Ganberak esleipenak estu kontrolatzeko eskatzen dio gobernuari. Etorkizunari begira, txostenak enpresen etekinen inguruko gogoeta eskatzen du, batez ere zerga-ordainketan dituzten kenketak bidezkoa diren hausnartzeko.