Skip to main content

ASOCEX

2014/13 Irrati-Lizentzien aferak eragindako gastu publikoa

Argitalpen data
Kontuen Ganberak irrati-lizentzien aferak eragindako gastu publikoa aztertu du. Eskaera Parlamentuak berak egin zuen, atxiki gabeko parlamentarioak bultzatuta.

Jakina denez, 1997an hasitako lizentzien banaketa ez da oraindik amaitu, epaileek bertan behera utzi dutelako Net 21 eta Radio Universidad garaile egin zituen Gobernuaren erabakia. Eskaeraren helburu zen Gobernuak auzi-errekurtsoetan gastaturikoa zehaztea.

Kontuen Ganberak dioenez, ez dago jakiterik Gobernuak zenbait gastatu duen, lan gehienak etxeko abokatuek egin dituztelako: Gobernuko aholkulari juridikoek, hain zuzen. Horrelako lanen kostua zehaztuko lukeen kontabilitatea behar litzateke urteotako bide judizialak sorturiko kostua ezagutzeko.

Horrelakorik ez dagoenez, Kontuen Ganbera aferari loturiko aurrekontuetako gastuen bila aritu da. Errekurtsoei zuzenean loturiko 394 euroko gastu bat dago, Madrilgo prokuradore bati ordaindua, 2010eko kasazio errekurtsoan lan egin zezan.

Txostenak, halaber, irrati-lizentziei loturiko gastutzat hartzen du Doxa Consulting enpresari ordainduriko gastua. 50.000 euro dira, hiru lanengatik ordainduak: batetik, 2006ko 30.000 euro, aurkezturiko eskaintzen azterketa egiteko; bigarrena, urte bereko 11.500 euro, eskaintzen balorazioari aurkezturiko alegazioei erantzuteko; eta, azkenik, 2008an bada 9.300 euroko beste gastu bat, Iruñeko Komunikabideak enpresak kontratazio mahaiari aurkezturiko azterketa kritikoa gezurtatzeko.

Txostenak eranskin bat dakar, 1997an hasitako prozesuan gertaturikoa gogoratzeko.

Urte hartan Gobernuak irrati-lizentziak banatzeko deialdia egin zuen. Banatu beharrekoen artean, bi Iruñerrian ziren ematekoak. Kontratazio mahaiak 1998ko ekainean egin zuen eskaintzen balorazioa. Baldintza-agiriek zehazturiko zortzi irizpideetatik, lau puntuatu gabe utzi zituen, horietan puntu zehatzik ematea ezinezkoa zela argudiatuta.

Garraio eta Komunikazio Departamentuko zuzendari nagusiak, kontratazio-mahaiko burua aldi berean, puntuatu gabeko irizpideak zehaztu zituen txosten baten bitartez. Horren ondorioz, Gobernuak lizentziak Universidad de Navarra eta Net 21ri ematea erabaki zuen.

Euskalerria Irratiarena zen puntuazio hoberena kontratazio-mahaiak aztertuak zituen irizpideetan. Irratia ordezkatzen duen Iruñeko Komunikabideak enpresak adjudikazioaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta epaileak arrazoia eman zion, zuzendari nagusiaren erabakia "desegokia eta kontraesankorra" zela argudiatuta.

Sententziak espedientean atzera egitera behartu zuen Gobernua, kontratazio-mahaiak irizpide guztiak azter zitzan. Kontratazio-mahaiak, ordea, gaia oso konplexua zela esan, eta Nafarroako Gobernuak Doxa Consulting enpresa kontratatu zuen, kontratazio-mahaiak puntuatu gabekoaz epaia eman zezan. Emaitzak ez zuen adjudikazioa aldatu.

Iruñeko Komunikabideak, orduan, helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Epaitegi Gorenean. Epaileak bertan behera utzi zuen erabakia, adjudikazio prozesua 2005eko sententziak esandakora atzeratzeko aginduz. Nafarroako Gobernuak eta Unibertsitateak sententziaren aurkako kasazio helegitea aurkeztu zuten. Epaitegi Gorenak, 2013ko abenduan, sententzia berretsi egin zuen.

Azkenik, aurtengo maiatzean, Nafarroako Gobernuak Epaitegi Gorenaren sententzia betetzeko foru agindua onartu zuen.