Skip to main content

ASOCEX

2014/09 Menpekotasun Legearen kudeaketa eta kontrola

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/09 Menpekotasun Legearen kudeaketa eta kontrola ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Menpekotasun Legeari loturiko ordainketen kudeaketa eta kontrola aztertu ditu, kaleratu berri duen txosten batean. Txostenak kudeaketa eta ordainketa prozedurak aztertu ditu. Menpekotasuna onartzen denetik laguntza eman arteko epeaz iritzia eman du. Azkenik, Estatutik jasotzen den finantzaketa ere aztertu da.

Menpekotasun Legeak onarturiko prestazioak era askotakoak dira, horien artean, edadetuendako arretarako laguntzak, bai etxean zaintzeko eta baita zahar-etxeetara eramateko ere.

Kontuen Ganberak aurreko txosten batean adierazi zuenez, Menpekotasun Legeak 150 bat milioiko kostua sortzen du. Nafarroako Gobernuak %70 ordaintzen du, erabiltzaileek %20 eta Estatuak %10.

Gizarte Politiken Departamentua da laguntzen kudeatzailea, bertako ANAP agentzia hain zuzen. Zenbait kasutan –erabiltzailearen heriotza, prestazio-mota edo menpekotasun-mailaren aldaketagatik- okerreko ordainketak egiten dira. Txostenak dioenez, ordainketa horien kontrola oso eskasa izan zen iazko urtarrilera arte. Geroztik konpondu egin da arazoa.

2007-2013 epean, okerreko ordainketek milioi bat egin zuten. Horren erdia berreskuratu da, beste %35ari dagokionez ez da deus egin, eta gainerakoa tramitatzen ari da. Aztertu beharreko 340.000 eurotik 25.691 euro preskribaturik daude.

2009tik 2013ra arte, Nafarroako Gobernuak 75 milioi jaso ditu Estatutik Menpekotasun Legeari aurre egiteko. 2013ko ekainera arte ez zegoen jakiterik jasotako zenbatekoa egokia ote zen, informazioa ez zelako behar bezalakoa, askotan erkidegoek eta Estatuak datu ezberdinak zituztelako. Berriki onarturiko dekretu batek diferentzia horiek argitzeko agindua eman du, Estatuaren laguntza jaso nahi bada.

Diru-laguntzen epeari dagokionez, sei hilabetekoa da, arautegiak agintzen duenaren antzekoa. Kontuen Ganberak dioenez, prestazioen kudeaketan berdintasunaren irizpidea bete egiten da, onuradunen ahalmen ekonomikoa zehaztu eta kostuaren ehunenekoa erabakitzen denean.

Konklusioak ikusita, txostenak gomendio batzuk ematen ditu. Batetik, aztertu beharreko ordainketa-gutunak ahalik eta azkarren azter daitezela, preskripzioa saihesteko. Egia esan, agentzia lan horretan hasi da. Eta, bestetik, Nafarroaren eta Estatuaren arteko datuen aldea argitzeko azterketa egin dadila.