Skip to main content

ASOCEX

Ignacio Cabeza: "Itxaron-zerrenden arazoa korapilatsu eta orokortua da"

Argitalpen data

Kontuen Ganberako lehendakari Ignacio Cabeza Parlamentuko Osasun Batzordearen aitzinean agertu da gaur goizean. Bertan, erakundeak berriki argitaraturiko txosten bat aurkeztu du: itxaron-zerrenden kudeaketa. Agerraldia UPNk eta EH Bilduk eskatu zuten.

Cabezak mezu bat azpimarratu du: “Itxaron-zerrendena arazo korapilatsu eta orokortua da, inguruko osasun sistema guztietan gertatzen delako”. Itxaron-zerrenden igoeraren atzean hiru arrazoi daudela gaineratu du: “populazioaren gorakada, biztanleriaren zahartzea eta Covid-19aren pandemia”.

Kontuen Ganberako lehendakariak emaniko datuen arabera, azken bost urteotan, itxaron-zerrendak %29 handitu dira. “Iazko amaieran, 240.000 erregistro zeuden. Zenbateko hori ez dagokio paziente kopuruari, paziente asko itxaron zerrenda bat baino gehiagotan daudelako”.

Cabezak lehen kontsulten itxaron zerrendaren igoera azpimarratu du: “2018an 33.000 erregistro zeuden; 2022ko amaieran, berriz, ia 60.000. Berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda ere handitu egin da, baina ez hainbeste: 136.000tik 156.000ra. Diagnostiko probak 12.000tik 18.000ra igo dira. Ebakuntzei dagokienez, itxaron-zerrendak ez dira handitu. 2022ko amaieran, 8.200 erregistro zeuden”.

UPNko Ana San Martiek itxaron-zerrenden kudeaketa hobetzeko beharra azpimarratu du, “aplikazio informatikoa hobetuz eta osasun-eremuen arteko koordinazioa handituz”. EH Bilduko Txomin Gonzalez proba diagnostikoen kontrola areagotu beharra nabarmendu du. PSNko bozeramale Maite Esporrinek “Nafarroako osasun sistema ez dela desastrea” aipatu du. Haren ustez, lehen arreta indartu behar da, eta erizainen zereginak gaurkotu.

PPko Irene Royoren ustez, txostenak agerian utzi ditu osasun sistemaren hutsak. “Osasun sistemak kalitatea galdu du, eta arazoa ez da dirua efizientzia baizik”. Daniel Lopez Contigo-Zurekin taldeko ordezkariak etorkizunera begiratzeko beharra azpimarratu du. “Kudeaketa hobetu daiteke, eta departamentuak txostenaren gomendioak kontuan hartuko dituelakoan nago”. Voxeko Maria Teresa Nostik, azkenik, txostenaren konklusio eta gomendioekin ados dagoela esan du.