Skip to main content

ASOCEX

2023/09 Cadreitako Udalaren 2021eko kontu orokorra

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Cadreitako Udalaren kontuei buruzko txostena argitaratu du. Txostenak 2021eko kontu orokorra aztertu du. Legezkotasunaz ere iritzia ematen du, bi arlotan: langilerian eta kontratazioan.

2021ean, Cadreitako Udalak 2,9 milioi gastatu eta hiru milioi bildu zituen. Ondasun eta zerbitzuen gastu arruntetan 1,5 milioi gastatu zuen, inbertsioetan 593.000 euro eta langilerian 578.000 euro. Diru-sarreretan, transferentzia arruntetan milioi bat bildu zuen; zuzeneko zergei esker, 587.000 euro; eta finantza pasiboen bitartez (maileguak), 450.000 milioi.

Urte amaieran, 175.000 euroko aurrezki garbia lortu zuen. Diruzaintzako gerakina, ordea, negatiboa da 139.000 euroan. Zorra 1,1 milioikoa da, aurreko urtekoa baino %9 handiagoa.

Nabarmentzekoa da, beraz, zor maila handitu dela, eta Udalak diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatu beharko duela.

Kontu orokorrak ondasun egoera, finantza egoera eta aurrekontu kitapena ongi islatzen ditu. Dena den, salbuespenen bat aipatzen da: gaizki kontabilizaturiko mailegu bat eta ondasun zerrendarik eza.

Irregulartasunak kontratazioan

Legezkotasunean irregulartasun batzuk antzeman dira, bereziki kontratazio administratiboan.

Kontuen Ganberak, besteak beste, kiroldegiaren kudeaketa, karriketako garbiketa zerbitzua eta ur sarearen errebisioa aztertu ditu. Horiek guztiak enpresa beraren esku utzi ditu Udalak, enpresaren zereginarekin zer ikusia ez dutenak ere. Antzemandako irregulartasunen artean dago kontratuen zatikatzea, eta kontratazioaren oinarrizko printzipioak ez direla bete: konkurrentzia, publizitatea eta esleipen egokia, dagokion prozedura segituz.

Horrez gain, Udalak 30.000 euro ordaindu zizkion enpresari parke eta lorategien mantentze lanengatik, kontraturik eta esleipenik egin gabe. Iaz, 58.000 euro ordaindu zizkion kontzeptu beragatik.

Kontuen Ganberak kontratu publikoen legea betetzeko eskatu dio Udalari, kontratazio publikoa hiru printzipiotan oinarritu behar duela gogoratuz: gardentasuna, publizitatea eta konkurrentzia.