Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2025/01 Errenta bermatua eta horrek enpleguan izan duen eragina (2019-2023) (Kontuen Ganberak txosten bat argitaratu du errenta bermatuaren kudeaketari eta horrek enpleguan duen eraginari buruz. Azterketa 2019-2023 aldiari dagokio. Kudeaketa konplexua da, helburu bera duten bi laguntza-mota daudelako: errenta bermatua eta gutxieneko diru-sarrera. Kontuen Ganberak ahuleziak atzeman ditu errenta bermatuaren kudeaketa eta kontrolean.
Txostena Parlamentuak eskatu zuen, PPren eskaeraren ondorioz. Sarreran, pobrezia eta gizarte-bazterkeari buruzko datuak ematen ditu. Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko Europako Sareak emaniko datuen arabera, nafarren %17 pobrezia-arriskuan dago, eta biztanleriaren %7 pobrezia larrian bizi da. Datu horiek Estatukoaren batez-bestekoa baino hobeak izan arren, azken urteotan Estatuko gainerako komunitateetan baino gehiago okertu dira.
Errenta bermatua pobrezia eta gizarte-bazterketari aurre egiteko laguntza motetako bat da. Kudeaketa Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari dagokio. Errenta bermatua 2016ko Foru Legeak aratu zuen, Nafarroako gizarte-babeseko sisteman bi eskubide bermatzeko oinarrizko beharrak bete gabe dituen jendeari: errenta bat eta gizarteratzeko laguntza, batez ere lanpostu bat lortzeko.
Errenta bermatua kobratzeko baldintza batzuk eskatzen dira. Horietako bat, Nafarroan bizitzea eskaera aurkeztu baino bi urte lehenagotik. Lan egiteko moduan dauden pertsonak lan-eskaintzak onartzera eta gizarteratzeko eta laneratzeko jardueretan parte hartzera daude behartuak.
Txostenak dioenez, errenta bermatua jasotzen dutenen %44 dago lan egiteko moduan. Gainerakoak 18 urtetik beherakoak, 65 urtetik gorakoak, paperik gabeko etorkinak eta lan egiteko ahalmenik gabeak dira.
Errentaren hileko zenbatekoa familiako kideen kopuruaren arabera finkatzen da: kide bakar batekotik (716 euro) sei edo seitik gorakora (1.433 euro).
Gutxieneko diru-sarrera: 15.800 lagun eta 50 milioiko gastua
Errenta bermatua ez da pobreziaren aurkako diru-laguntza bakarra. Gutxieneko diru-sarrera ere dago, Gizarte Segurantzak emaniko kotizazio gabeko pentsioa, baliabiderik gabeko pertsonei zuzendua. Haren helburua, beraz, errenta bermatuarena bera da, diru-laguntza jasotzeko baldintzak ezberdinak badira ere. Bi laguntza motak bateragarriak dira, beti ere errenta bermatuaren gehieneko zenbatekoa gainditzen ez bada.
Gutxieneko diru-sarrera Estatuaren laguntza izan arren, 2022tik Nafarroako Gobernuak kudeatzen du, Eskubide Sozialetako. Ekonomia Sozialetako eta Enpleguko Departamentuan hain zuzen.
Nafarroak gutxieneko-errentaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, 18.200 lagunek jaso dute. 2023an, 15.800 pertsonak jaso zuten eta kostua 50 milioi izan zen Aipatzekoa da errenta bermatua jasotzen dutenen %28k gutxieneko diru-sarrera ere jasotzen duela.
Errenta bermatua: 35.000 lagun eta 103 milioiko gastua
2023an, 35.000 lagunek jaso zuten errenta bermatua. Nafarroako Gobernuak 103 milioi gastatu zituen bertan. Laguntza jasotzen dutenen %56k espainiar nazionalitatea du, %44 lan egiteko moduan dago eta %38 adingabea da.
Txostenak errenta bermatua jasotzeko baldintzak betetzen diren aztertu du. Zortzi eskakizun dira, eta bosten kontrolean ahuleziak daude: lan egiteko prest egotea eta gizarteratzeko eta laneratzeko jardueretan parte hartzea, horien artean. Beste hiruei dagokienez,
Kontuen Ganberak ezin du iritzirik eman. Horietako bi dira Nafarroan bizitzea eta lan eskaintzak onartzea. Lehen kasuan, eskakizuna ez delako ongi kontrolatzen; eta bigarrenean, berriz, ez baitago jakiterik lan eskaintza jasotzera doazenek (%78) lanpostua onartzen duten ala ez. Kontuen Ganberak dioenez, oinarrizko gizarte zerbitzuek ongi betetzen duten beren zeregina: informazioa eta gizarteratzeko laguntza. Diru-laguntza urte betez jasotzen dutenei lanpostu bat edo prestakuntza eskaini behar zaie. Hori Foru Administrazioaren esku dago. Ez dago jakiterik hori betetzen den ala ez.
2023an, lan egiteko moduan daudenen %26k lanpostu bat lortu zuen. Eta errenta jasotzen zutenen %13 kobratzeari utzi zioten, familiako kideren bat lanean hasi zelako.
2019tik 2023ra, Foruzaingoak 700 ikuskapen baino gehiago egin zituen errenta bermatua jasotzen dutenen artean, salaketaren bat jaso edo irregulartasun-zantzuak atzemanda. Lau ikuskapenetik hirutan baieztatu ziren irregulartasunak. Dirutan 15 milioikoak ziren. Hortik %67 berreskuratu da.
Txostenak azterturiko beste kontu bat: bi diru-laguntza kobratzen dituztenek ez dutela ezarritako gehieneko zenbatekoa baino gehiago jasotzen. Izan ere, prestazio sozialen informazio-sistemak familien kideei buruzko azken datua baizik ez du ematen.
Bestalde, 2.730 espedientetan ordaindu behar ez diren bi milioi atzeman dira. Haurrendako diru-laguntza jaso duten familiei dagokie. 2022ra arte, aipaturiko laguntza ez zen kontuan hartzen gehieneko zenbatekoa finkatzean. Geroztik, ordea, kontuan hartu beharra zegoen. Departamentuak 2024ko urtarrilera arte ez zuen araua aplikatu. Kontuen Ganberaren konklusioa da kudeatzeko nahiko korapilatsua den arloaz ari garela. Errenta bermatuak eta gutxieneko diru-sarrerak helburu bera eta baldintza ezberdinak dituzte. Gainera, lagun asko biak ari dira jasotzen. Diru-laguntza eskatu eta emateko epeak ere diferenteak dira. Behar bezalako kontrola egiteko bitarteko nahikorik ez dago, eta informazio-sistemak ez du automatikoki ematen familia bakoitzak jaso duenaren berri.
Gomendioak
Txostenak kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Horien artean, errenta bermatua jasotzen dutenak lan-merkatuan sartzeko ekimenak bultzatzea; prestazio-katalogoa ere aztertzea, batzuk bateragarriak ote diren ikusteko; informazio-sistema hobetzea; eta kontrol sistemaren bat martxan jartzea errenta bermatua jasotzen dutenak Nafarroan bizi direla egiaztatzeko.