Skip to main content

ASOCEX

2024/15 Korellako Udalaren langileria, kontratazio publikoa eta diru laguntzak, 2022

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Korellaren Udalaren kudeaketa aztertu du. Txostenean hiru gairen legezkotasuna aztertzen da: langileria, kontratazio publikoa eta diru-laguntzak, baita Corella Music Fest jaialdia ere. Datuak 2022koak dira.

Iazko azaroan Parlamentuan egindako eskaera bati erantzuten dio txostenak, Union del Pueblo Navarro talde parlamentarioaren ekimenez.

Korellak 8.000 biztanle baino gehiago izateaz gain, erakunde autonomo bat dauka: adinekoentzako Hogar San José egoitza. 2022ko ekitaldian, Korellako Udalak ia 12 milioi gastatu zituen, eta 13 jaso.

Iritzi kritikoa

Kontuen Ganberak adierazi du Korellako Udalaren langileen kudeaketa, kontratazio publikoa eta diru laguntzak ez direla indarrean dagoen araudiaren arabera egiten.

Langileen kudeaketari dagokionez, udalak ez du inolako hautaketa prozedurarik egin 51 langile-kontratazioetatik 18tan. Aldi baterako kontratazioak ziren. Hogar San José zahar etxean ere ez dira publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatu langileen hautaketan.

Kontratazio publikoei dagokienez, hainbat espedientetan irregulartasunak antzeman dira. Prozedura administratiborik bideratu gabe eta barne kontrolerako mekanismoak saihestuz egin zituen udalak Corella Music Fest jaialdiko kontratazioak.

Corella Music Fest jaialdiak, udalaren kontabilitatearen arabera, ia 360.000 euroko gastuak eta 65.500 euroko sarrerak izan zituen. Hala ere, Udalak ez du kontabilitatean inongo diru-sarrerarik aitortu, ez ekitaldiaren egunean sarrerak aurrez aurre saltzeagatik, ezta bertan emandako ostalaritza-zerbitzuengatik ere, eta ez du horri buruzko informaziorik.

Azkenik, txostenaren arabera, Korellako Udalak ia 71.000 euroko diru-laguntza izendunak eman zizkien 8 onuraduni, 1.500 eurotik 30.000 eurora bitarteko kopuruekin. Ia erdia onuradun bati eman zioten: musika bandari (30.000 euro). Oro har, diru-laguntza izendunak araudiaren arabera eman eta kudeatu dira.

Gomendioak

Kontuen Ganberak gomendatzen du langileak aukeratzeko publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera, eta kontratu guztiak lizitatzeko adjudikazio-prozedura egokiaren bitartez.

Era berean, eskatzen du urtero onartzea eta argitaratzea norgehiagoka-araubidearen bidez eman beharreko diru-laguntzen deialdiak, eta gasturik ez egitea haiek finantzatzeko aurrekontu kreditu egoki eta nahikorik izan gabe.