Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2025/08 Sodenak Sunsundegui S.A.ri eginiko finantza ekarpenak (2009-2024) (Sodenak 49 milioi eman dizkio Sunsundeguiri
2025eko ekainaren 6
Kontuen Ganberak Sodenak Sunsundegui enpresari eginiko finantza ekarpenak aztertu ditu. 2009tik 2024ra, 49 milioi eman zizkion. Diru-laguntza handiena 2013koa da: 35 milioi. Azken bi diru-ekarpenak 2023 eta 2024koak dira, bederatzi milioi guztira. Arrisku handikoak ziren eta enpresaren finantza egoera kontuan harturik, ez datoz bat diru publikoaren kudeaketa onaren irizpidearekin. Arrazoi sozioekonomikoak argudiatu ziren laguntzak emateko.
Sunsundegui (Burnizko 2018ko abendura arte) 1966an sortu zen. Hasieran Renferentzat lan egiten zuen, motorrak-eta eginez. 1983an, Renfek bere gain hartu zituen trenen mantentze-lanak. Orduan, Sunsundegui autobusen karrozeriak egiten hasi zen.
2009ko ekainean, enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu zuen. Sodenak, orduan, bost milioi eman zizkion, bi mailegutan. Nafinco sozietate publikotik hiru milioi jaso zituen. Sunsundeguiko akziodunek konpromiso bat hartu zuten Nafincorekin: Sunsundegui erosteko aukera izanen zuela, euro bat ordainduta.
2011n gauzatu zen sal-erosketa. Sodenak erosi zuen, ordurako Nafinco desagertua zelako. Beraz, Sunsundegui enpresa publiko bihurtu zen. Garai hartan, beste bost mailegu jaso zituen, bost milioi guztira.
35 milioi zorra eta maileguak kitatzeko
2013an, Sodenak langile eta zuzendaritza-kideei saldu zien enpresa, euro batean. Aurretik, 35 milioi eman zizkion ordu arteko zor eta maileguak kitatzeko.
2015etik 2019ra, enpresaren egoerak hobera egin zuen. 2019an inoizko eskaera gehien jaso zuen. 2020an, berriz, salmentek goia jo zuten. Sodenak, garai hartan, 1,5 milioiko laguntza eman zion instalazioak lege eskaeretara moldatzeko.
Pandemiak min handia egin zion enpresari. Sodenak 3,4 milioiko mailegua eman zion haren ondorioei aurre egiteko.
2023an, Sunsundeguik bi hitzarmen sinatu zituen Volvorekin: bata teknologia-transferentziari zegokion; bestea produkzioa handitzeko. Volvok Poloniako lantegia itxi berria zuen. Helburua zen han egiten zituen bi autobus mota Altsasun egitea. Horretarako inbertsioak egin behar ziren, eta horrek dirua eskatzen zuen. Sodenak bi mailegu eman zizkion: hiru eta sei milioikoak, biak Parlamentuak onartuak bi foru legeren bitartez.
2024ko uztailean, ordea, bi enpresek akordioa bertan behera utzi zuten. Sunsundeguiren finantza eta produkzio arazoek ezinezkoa egiten zuten tratua betetzea.
Hark Sunsundegui desagertzera kondenatu zuen. 2024ko azaroan hartzekodunen konkurtsoa deitu eta langileak kalean gelditu ziren. Enpresak 50 milioiko zorra zuen. Aktiboak 27 milioikoak ziren.
Egiaztatu gabeko zenbateko eta aurreikuspenak
Sodenak Sunsundeguiri eginiko diru ekarpenak txosten, estrategia eta bideragarritasun planetan daude oinarriturik. Aholkulari-enpresek eginiko txostenen atzean Sunsundeguiren datu eta aurreikuspenak daude. Prebisio haiek ez ziren egiaztatu eta ez dira bete.
Laguntza nagusiak 2013an, 2023an eta 2024an eman ziren. Sodenaren txostenek arrisku handiko maileguak zirela diote. Ematekotan arrazoi sozioekonomikoak argudiatuta eman zitzaketela aipatzen dute. Beti ere, laguntza ataka batetik ateratzeko modua zela zioten. Enpresaren finantza eta produkzio egoera sendotu beharra azpimarratzen zuten, akziodun berrien bitartez. 2024ko egoera oso larria zen. Sodenak emanikoaz gain, enpresak aurrera egiteko beste hamar milioi behar zituela kalkulatzen zen.
Sodenak ahalegin handia egin du Sunsundegui salbatzeko. 2023ko eta 2024ko diru-laguntzak arrisku handikoak ziren. Ikuspegi teknikotik, ez datoz bat diru publikoaren kudeaketa onarekin. Dena den, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak bestelako irizpideak lehenetsi zituzten: enplegua, zerga bilketa eta nafar hornitzaileen eskaerak.
Denboran luzatu den laguntzak ez du akziodunen konpromisorik ekarri, haiek ez baitute diru-ekarpenik egin.
Hori dena ikusita, txostenak hiru gomendio ematen ditu. Batetik, diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresetako akziodunei ere diru-ekarpena eska dakiela. Krisian dauden enpresendako diru-laguntzak denboran mugatzea ere eskatzen du, enpresaren bilakaeraren arabera. Azkenik, holakoetan Europar Batzordeari kontsulta egitea komeni da, Estatu-laguntzatzat har ote daitezkeen.
- Sodenak ahalegin handia egin du Sunsundegui salbatzen saiatzeko.
- Volvorekiko konpromisoa betetzeko gaitasunik ezak enpresa desagertzera kondenatu zuen.
- Laguntza publikoa jasotzen duten enpresen akziodunek ere finantza-konpromisoa bere gain hartu beharko lukete