Skip to main content

ASOCEX

2001/19 Nafarroako toki sektore publikoa (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2001/19 Nafarroako toki sektore publikoa (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Toki Sektoreari buruzko txostena argitara eman du. Txostenak Nafarroako udal, kontzeju eta gainerako toki erakundeen egoera orokorra aztertzen du. Lanak ematen dituen datu guztiak 1999ko abenduaren 31koak dira.

Txostenak dioenez, Nafarroan 799 toki erakunde daude: 272 udal, 366 kontzeju, 74 erakunde autonomo, 59 mankomunitate, 8 partzuergo, eta 11 udal elkarte. Aurreko urteko datuekin alderatuz, 18 udal erakunde gehiago daude: 14 erakunde autonomo, hiru mankomunitate eta udal elkarte bat gehiago.

Azken urteotan erran duen bezala, Kontuen Ganbarak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Udal mapa egokitzea, gaur egungoa ez baita udal kudeaketa eraginkorra lortzeko batere egokia. Halaber, fiskalizazio erakundearen ustez udaletako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuak behin betiko betetzeko neurriak hartu beharko lirateke.

Kontuen Ganbararen txostenak emaniko datuen arabera, 1999an Nafarroako Udal erakundeek 76.000 milio (456 milioi euro) gastatu eta 79.500 milioi bildu zituzten. Gastu guztien ehuneko 57a (43.400 milioi) funtzionamendu gastuei dagokie. Gastu horietan garrantzitsuenak langileria eta erosketak dira. Inbertsioak bigarren postuan daude 26.000 milioirekin (ehuneko 34,4).

Aipatu gastuen finantziazio bide nagusia transferentziak dira, batez ere Nafarroako Gobernuaren diru-lalguntzak, horri esker gastuen ehuneko 53 finantzatzeko aina lortzen baita. Udalek zuzenean lorturiko dirutza (zergen bidezko sarrerak eta ondasunari esker lorturikoak) gastuen erdiak baino gutxiago dira: 33.800 milioi. Alde horretatik, aipatzekoa da transferentziengatiko menpekotasuna handitzen ari dela.

Kontuen Ganbarak udal eta gainerako toki erakundeen zorra ere aztertu du. Datu nagusia hauxe da: 1999ko abenduaren 31n Nafarroako udal eta kontzejuen epe luzerako zorra 25.535 milioikoa zen. Beraz, biztanle bakoitzeko zorra 46.000 pezetakoa da udaletan eta 36.000 pezetakoa kontzejuetan. Aurreko urteko datuekin konparatuz, epe luzerako zorra ehuneko 6 jeitsi da Udaletan eta ehuneko 8 kontzejuetan.

Kontuen Ganbarak dioenez, udal eta kontzejuen finantza-egoera, oro har, hobetu egin da aurreko datuekin alderatuz gero. Izan ere, udal gehienetan finantza egoera ona da, zor maila zor muga baino txikiagoa izateaz gain, aurrezki garbia eta diruzaintzako gerakinak ohikoak direlako. Nolanahi ere, badira diru-arazo larriak dituzten udal batzuk, askotan inbertsio-plan desegokiak egin direlako.

Txostenak udal kudeaketa hobetzen segitzeko gomendioak eskaintzen ditu. Horien artean, esate baterako, aurrekontuak behar bezala egin eta kontrolatzea eta kontratazio legea betetzea. Halaber, Kontuen Ganbararen iritziz Udal askotan erakunde autonomoen gaineko kontrola hobetzeko neurriak hartu behar dira.