Skip to main content

ASOCEX

2024/11 Nafarroako despopulazioaren aurkako borroka: Foru Administrazioak harturiko neurriak

Argitalpen data

Kontuen Ganberak despopulazioaren aurkako foru lege bat onestea eskatzen du 2024ko maiatzaren 24a Kontuen Ganberak despopulazioari buruzko txosten bat argitaratu du, eta bertan Foru Administrazioak arazoari aurre egiteko hartutako neurriak aztertzen ditu.

Txostenaren arabera, azken hogeita hamar urteotan Nafarroako biztanleria %27 hazi da, eta aldi berean udalerrien erdiak baino gehiagok (%56) biztanleria galdu dute.

Gaur egun, Nafarroako 166 udalerrik dute despopulatze-arriskua, guztien %61. Arrisku handien duten eremuak Pirinio, Pirinio aurreko, Zangozako eta Lizarrakoak dira.

Txostenak azpimarratzen duenez, despopulazioa arazo konplexua da, hainbat arrazoi eta faktorek eragindakoa. Horiek Estatuan eta Nafarroan egindako azterlan eta planetan identifikaturik daude.

Kontuen Ganberak despopulazioaren aurka borrokatzeko Nafarroako Gobernuaren zenbait ekimen aipatzen ditu. Alde horretatik, nabarmentzekoa da iaz onartutako Despopulazioaren aurkako Estrategia. Honek hainbat ekintza eta proiektu planifikatzen ditu arazoari modu zeharkakoan aurre egiteko.

Estrategia hori urte anitzeko plan batean eta urteko plan operatiboan zehaztu behar da. Iaz ez ziren onartu, ez bata eta ez bestea.

Txostenak azpimarratzen du, halaber, ez dela onartu despopulazioaren aurkako foru lege bat, neurri ekonomiko, fiskal eta administratiboekin, herri kaltetuenetan biztanleen galera geldiarazteko.

Pirinioetako Plan Estrategikoa da Kontuen Ganberaren ustez kudeaketa onaren adibide. 32 udalerri hartzen ditu, 5.000 bat biztanle eta 1.400 kilometro karratun, hau da, 3,8 biztanle kilometro karratuko. Udalerri horietako gehienek “despopulatzeko arrisku larria” dute.

Plan Estrategikoak partaidetza eta zeharkako gobernantza bultzatzen ditu. Txostenaren arabera, eredu egokia da despopulatzeko arriskuan dauden beste eremu batzuetan aplikatzeko. Alde horretatik, azterlan gehiago egin dira, Zangoza, Erdialde eta Jurramendiko azpieskualdean. Hortik atera ziren neurriak, ordea, ez dira praktikan jarri.

Txostenak Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritzari ere egiten dio erreferentzia. Txostenaren arabera, ez du langile nahikorik despopulazioaren aurkako neurriak koordinatzeko eta bultzatzeko. Aipatzekoa da, alde horretatik, ez duela Pirinioetako Plan Estrategikoan lidergorik ez, ezta parte hartu ere.

Ondorioz, Kontuen Ganberak gomendio batzuk ematen ditu despopulazioari aurre egiteko. Politika publikoak zeharkako ikuspegi koordinatuarekin diseinatzeaz gain, neurrien eraginkortasuna aztertzeko eskatzen du, ez baita beti egiten. Halaber, despopulazioaren aurkako foru lege bat onestea eta Lurralde Kohesioko Departamentuak giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago izatea gomendatzen du. Azkenik, despopulatzeko arriskua duten eremuetan zuntz optikoa eta abiadura handiko Internet bultzatu beharra azpimarratzen du.

- Azken hogeita hamar urteotan, Nafarroako udalerrien %56k biztanleria galdu du.

- Gaur egun, Nafarroako 166 udalerri daude despopulatzeko arriskuan (Pirinio, Pirinio aurreko, Zangozako eta Lizarrako eremuak dira nabarmenenak).

-  Kontuen Ganberak despopulazioaren aurkako foru lege bat onestea gomendatzen du