Skip to main content

ASOCEX

2004/15 GIZARTE ONGIZATEAREN NAFAR INSTITUTUAREN ETA ASPACE NAVARRA FUNDAZIOAREN ARTEKO KONTZERTUAK (1999-2003)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Gizarte Ongizate Institutuaren eta Aspace Fundazioaren arteko kontzertuei buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, egunkarietan Gobernuaren barne txosten bat argitaratu eta gero. Txostenak Aspace Fundazioaren kudeaketa gaitzezteaz gain, direktibo batzuen soldatak oso handiak zirela salatzen zuen.

Txostenak dioenez, Aspace Elkartea 1971n sortu zen buru-paralisidun batzuen familiek bultzaturik. Elkartearenak dira Ramon y Cajal zentroa (130 plaza eta 70 langile), Enplegu zentro berezia (213 paralisidun eta 14 langile) eta Kirol eta Aisialdi zentroak (130 paralisidun).

1995ean Aspace Elkarteak Aspace Navarra Fundazioa sortu zuen eta urte bete geroago Nafarroako Gobernuak Infanta Elena zentroaren kudeaketa eman zion. Lau urte geroago fundazioa Carmen Aldave egoitza eraikitzen hasi zen, Iruñeko Udalak utzitako orube batean. Bertan 40 paralisiduni tokia emateaz gain, Petö errehabilitazio-sistema eskaini nahi zuen. Nafarroako Gobernuak 1,2 milioiko diru-laguntza eman zuen obretarako eta lanak 2001eko irailean amaitu ziren.

Egoitzaren inaugurazioa atzeratu egin zen. Bestalde, Fundazioak Petören erabiltzaleei diruz laguntzea erabaki zuen, sistema garestia delako. Bi arrazoi horiek zirela-eta, Fundazioaren ekonomia egoera zaila zen 2002ko amaieran, eta urteko auditoriak horixe adierazi zuen. 2002ko abenduan fundazioaren defizita 136.000 eurokoa zen. Horren ondorioz, Gobernuak ezin izan zuen Carmen Aldave egoitza kontzertatu, Kontratuen Foru Legea debekatu egiten baitu finantza egoera txarra dutenekin kontraturik sinatzea.

Comptos Ganberak dioenez, diru-laguntza sortzea helburu duten fundazio asko sortzen ari dira diru gutxi jarrita. Diru sarrera gutxi baldin badute, oso ahaulak dira espero ez diren egoerei aurre egiteko. Aspace Fundazioan ere horixe gertatu da. Horri aurre egiteko modu hoberena erakunde bakar bat erabiltzea litzateke (esaterako, Aspace Elkartea) eta horrela ez luke arazorik izanen Administrazioarekin hitzarmenak sinatzeko.

Aspacen, ordea, kontrakoa egiten ari dira. Izan ere, iaz beste hiru fundazio sortu zituen: Aspace Navarra Residencial, Aspace Navarra para el Empleo eta Fundación Instituto Español para la Educación Conductiva Método Petö.

Gobernuaren eta Aspaceren arteko hitzarmenen ondorioz, 1999-2003 epean Fundazioak 10,3 milioi euro jaso zituen Infanta Elena zentroa kudeatzeko. Dirulaguntzetan 1,2 milioi euroko bat jaso zuen Carmen Aldabe egoitzarako eta beste 200.000 euro beste helburu batzuetarako, horien artean 119.000 euroko dirutza Petören erabiltzaileendako.

Txostenak dioenez, Infanta Elena zentroaren kudeaketa ona izan da. Fundazioaren egoera ekonomiko txarrak bi gauzek eragin dute: Petö sistemaren finantzaketak eta Carmen Aldave zentroa zabaldu ez izanak.

Alde horretatik, Comptos Ganberaren ustetan zentzugabekeria da Aspacek eta Gobernuak gizarte talde ahul batek beharrezkoa duen egoitza batean hiru milioi euro gastatzea (Gobernuak 1,2 milioi) eta bi urtetako diru galeren ondorioz itxita uztea. (Aspace Fundazioak 136.000 euro galdu ditu azken bi urteotan, aurretik azaldukoagatik).