Skip to main content

ASOCEX

2008/22 Barañaingo Udala (2006)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2008/22 Barañaingo Udala (2006) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Barañaingo Udalaren 2006ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan aztertzen diren gaiak honakoak dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak eta haren erakunde autonomoek (Lagunak kiroldegia eta Luis Morondo Musika Eskola) 14,7 milioi euro gastatu eta 16,2 bildu zituzten. Txostenak Barañain Auditorioa fundazioaren datuak ere jasotzen ditu. Herriko auditorioa kudeatzen duen fundazioaren gastuak 775.000 eurokoak izan ziren eta dirusarrerak, berriz, 570.000 euro. Horrek 200.000 euroko defizita sortu zuen.

Gastuetan handienak 183 langileen ordainsariak izan ziren: 5,6 milioi. Ohiko gastu eta zerbitzuen erosketetan 3,5 milioi gastatu ziren eta ohiko transferentzietan 1,3 milioi.

Dirusarrerei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eginiko transferentzien bidez lorturikoa da garrantzitsuena: 7,1 milioi. Zergen bidez 3,2 milioi eskuratu ziren eta udal ondasunen salmentak 1,5 milioiko dirutza eman zion Udalari.

Comptos Ganberak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu ekonomia jarduera eta aurrekontu egoera. Salbuespen bakarra udal ondasun zerrenda da, 1992tik gaurkotu gabe baitago.

Legezkotasunaren gaineko azterketa ere Udalaren aldekoa da, oro har indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Azkenik, txostenak udalaren finantza egoera aztertzen du. Urte amaierako emaitza positiboa izan zen, Udalak 1,6 milioiko superabita izan zuelako (Aurreko urtean 745.000 euroko defizita izan zuen). Aurrezki garbia %10 izan zen. Datu horiek erakusten dutenez, dirusarrera arruntak gastu arruntak eta finantza zama baino handiagoak izan ziren. Dena den, ez ohiko dirusarrerak izan ziren 2006an, batez ere taxien lizentziei esker lorturuko milioi bat euro.

Laburbilduz: Barañaingo Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua. Finantza egoera, berriz, kezkatzekoa da Udala ez baita gauza gastuei baliabide propioen bidez aurre egiteko. Orain gutxi arte hirigintza zen Udalaren diru-iturri nagusia, baina iturri hori agorturik dago hirigintza plana amaitu delako.

Horren aurrean, Comptos Ganberak dio Udalak eman beharreko zerbitzuak eta egin beharreko inbertsioak ongi aztertu behar dituela, lehentasunak eta finantzaketa bideak finkatuz.

Erakunde autonomoei dagokienez, Udalak estatutuak gaurkotu eta beren ekonomia jarduera hobeki kontrolatu behar du.