Skip to main content
Kontu-epaitegietako ordezkariak, Madrilgo epaitegiko ordezkariekin bildu dira

Autonomietako kontu epaitegietako ordezkariak Madrilgo Kontu Epaitegikoekin elkartu dira gaur Madrilen, kontrol erakundeena arteko elkar-lanaz hitz egiteko. Aipatzekoa da Madrilgo Kontu Epaitegiko kontseilariak berriki aukeratu dituztela, eta autonomietako kontrol erakundeekin ahalik eta azkarren bildu nahi zuten, kontrol maila ezberdinen arteko harremana hobetzeko. Kontuen Ganberako ordezkaria Helio Robleda presidentea izan da.

Tafallako Politeknikoko ikasleak, Kontuen Ganberan

Tafallako Politeknikoko Administrazio zikloko talde bat gure egoitzara etorri da gaur goizean, Ansoleaga karrikako eraikina ezagutzera. Taldeak aurretik Parlamentua eta Iruñeko Udala bisitatu ditu. Gurean barneko patioa eta solairu nagusia erakusteaz gain, erakundearen historiaz eta gaur egungo egoeraz hitz egin diegu. Joan aurretik argazkia egin dugu patioan.

Helio Robledak ogasunaren egoera aztertuko du gaur Parlamentuan

Helio Robleda, Nafarroako Kontuen Ganberako presidentea Parlamentuko ekonomia batzordearen aitzinean agertuko da, nafar ogasunaren egoeraz mintzatzeko. Parlamentuak berak eginiko eskaerari jarraituz, Kontuen Ganberak ogasunaren ekainaren 30eko egoerari buruzko txostena kaleratu du, amaitu gabeko ekaldi batez egiten duen lehena. Agerraldia arratsaldeko lau eta erdietan hasiko da.

Nafarroako Ogasunaren egoerari buruzko txostena, kalean

Nafarroako Kontuen Ganberak Foru Ogasunari buruzko txostena argitaratu du. Txostenaren helburua zen aurtengo ekainaren 30eko egoera aztertzea, bereziki aurreikusitako diru-sarrera eta gastuen arteko oreka. Txostenak emaniko datuen arabera, ekaineko datuak kontuan hartuz Gobernuak ez luke defizitaren helburua lortuko, 75 eta 105 milioi arteko desbideraketa dagoelako. Bestalde, Ogasunaren zorra 2.725 milioikoa da, enpresa publikoena ere kontuan hartuz. Kontuen Ganberak dioenez, Gobernuak ez du zor gehiago hartzeko ahalmenik.

Helio Robledak udalerri nagusien kontuak azaldu ditu Parlamentuan

Nafarroako Kontuen Ganberako presidentea Parlamentuan izan da gaur goizean, udalerri nagusien kontuak azaltzeko. Helio Robleda Toki Administrazioaren aitzinean agertu da berriki kaleraturiko txostenaren berri emateko. Txostenaren konklusioak aztertu ondotik, udal zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko beharra azpimarratu du.

Caravinagre eta Patata kilikiek gure egoitza bisitatu zuten

Iruñeko erraldoien konpartsa Antsoleaga karrikako egoitzatik pasatzen da urtero, parte-zaharrean egiten dituen ibilbideetan. Orain arte, ordea, inoiz ez zuten etxea ezagutzeko aukera izan, itxita egoten delako. Caravinagre eta Patata kilikiek Iruñeko etxerik zaharrena bisitatu nahi zutela adierazi zuten, eta Kontuen Ganberako komunikazio arduradunak plazer handiz zabaldu zien atea. Kilikiak ez ezik, haur talde bat ere arrapaladan sartu zen gure egoitzara, kilikien atzetik. Azkenean, barneko patioan lasterka ibili ziren, batetik bestera, kilikiengandik ihesi.

Burlatako San Blas elizako talde bat Kontuen Ganbararen egoitzan

Burlatako San Blas elizako talde bat Kontuen Ganberaren egoitzara etorri da gaur goizean. Barneko patioa eta lehenbiziko solairua ikusi ondoren, erakundearen bideoa ikustera joan dira. Amaitzeko, argazkia atera dugu patioan.

Helio Robledak udalen fiskalizazioaz hitz egin du Asturiasen

Nafarroako Kontuen Ganberako presidenteak  Asturiaseko Ridea institutuak antolaturiko mahai-inguru batean parte hartu zuen atzo. Asturiaseko udal antolaketa hobetzeko ideiak biltzea du xede aipaturiko institutuaren ekimenak. Atzoko mahai-inguruan udalen kudeaketa eta kontrola aztertu zen. Robledaz gain, beste bi aditu mintzatu ziren: Begoña Sesma Oviedoko Unibertsitateko irakaslea eta Manuel Fueyo kontu-hartzailea. Robledak Kontuen Ganberak udal sektorean eginiko lana azaltzeaz gain, kontrol erakundeetako kideen independentzia bermatzeko beharra azpimarratu zuen.  

Udal zerbitzuen kostuen gaineko azterketa, amaiturik

Kontuen Ganberak, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak, Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Noaingo Udalak bultzaturiko udal kostuen gaineko azterketa amaitu egin da. Ekimenaren helburua zen  udal zerbitzu nagusien kostua ezagutzea eta kudeaketarako adierazle batzuk zehaztea, ondoren Noaingo Udalean onarturiko gida horren onurak beste nafar udaletan ere erabiltzeko. Azterturiko zerbtizuak honakoak izan dira: argindarra, kultura, kirola, har-eskola, udaltzaintza eta gizarte zerbitzuak.

Mila lagun inguru bisitan Kontuen Ganberaren egoitzan

Kontuen Ganberak amaiera eman dio 2012-2013 ikasturteko bisitaldi-zikloari. Urritik hona 40 talde etorri dira gure egoitzara, batez ere ikasleak, kultur taldetakoak, unibertsitariak, jubilatuen elkartekoak...

Hurrengo ikasturtean Kontuen Ganberaren egoitza ezagutu nahi duten guztiek zita har dezakete 848 421 400 telefonora deituta edo hurrengo helbide elektronikoan: camara.comptos@navarra.es .

Subscribe to