Joseba Asiron Iruñeko alkatea gure egoitzan izan da gaur, "Kontuen Ganberako topaketak" ekimenean parte hartuz. Horren bitartez, Nafarroako pertsonaiak ekartzen ditugu gure etxera, guk ezagutzeko eta haiek ere ezagutu gaitzaten. Ohi bezala, Komunikazio arduradunak elkarrizketa egin dio Ganberako profesionalen aitzinean. Aurretik, egoitza erakutsi diogu.Irudian alkatea eta Asun Olaetxea, Kontuen Ganberako lehendakaria, gure etxeko patioan.
Asun Olaetxea Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentura joatekoa zen bihar, Salestarren hirigintza operazioari buruzko txostena azaltzeko. Agerraldia atzeratu egin da, Parlamentuak berak eskatua. Azkenean, martxoaren 27an eginen da, Gizarte Eskubideen Batzordearen aitzinean, goizeko 9:15ean hasita.
Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioek datuen babeserako arautegiari buruzko ikastaroa jaso dute, Javier Peña Alonsoren eskutik. Peña Burgoseko Diputazoiko teknologia berrien sailburua da. Kontuan hartzekoa da aipaturiko arautegia martxoaren 25an indarrean sartuko dela eta, bera, administrazio publiko guztiek bete egin beharko dutela.
Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentuko Osasun Batzordearen aitzinean agertuko da bihar, maiatzak 4, Osasunbideko langileriaren kontratazioari buruzko txostenaren berri emateko. Berriki argitaraturiko txostenak 2016 eta 2017ko langileriaren behin behineko kontratazioa aztertu du. Agerraldia goizeko 9:15ean hasiko da.
Asun Olaetxea, Kontuen Ganberako lehendakaria, Parlamentuan agertu da gaur goizean, Mairagako Mankomunitatearen ur hornikuntzari buruzko txostena aurkezteko. Olaetxeak azaldu duenez, Mairagako Mankomunitateak ura Mairagako urtegitik hartzen segitzea erabaki zuen, Nafarroako Urtegiaren alternatiba larrialdi egoeretarako utziz. Kontuen Ganberako lehendakariak azpimarratu duenez, erabakia ez da ur hornikuntzaren plan zuzendariaren aurkakoa. Dena den, txosten teknikoek ura Nafarroako Urtegitik hartzea gomendatzen zuten, eta Mankomunitateko kideek bestelako erabakia hartu zuten.
Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentuan agertu da gaur, Salestarren hirigintza operazioari buruzko txostena aurkezteko. Asun Olaetxeak bi kontu azpimarratu ditu: ez dela egokia hirigintza ikastetxe baten lekualdatzea posible egiteko erabiltzea; eta administrazioak arrisku handia hartu zuela Saletarrekin sinaturiko hitzarmenean.
Kontuen Ganberako lehendakari Asun Olaetxea Parlamentuko Osasun Batzordearen aitzinean agertu da gaur, Osasunbideko behin behineko langileriaren kontratazioari buruzko txostena azaltzeko. Olaetxeak azaldu duenez, 2016an eta 2017an 43.000 kontratu egin ziren. Azken urteotan kontratuen bataz besteko iraupena handitu bada ere, behin behinekotasun maila %51raino heldu da. Horren guztiaren arrazoi nagusia da Estatuak, azken urteotan, enplegu eskaintzak egiteko murrizketak agindu dituela.
Iruñeko Vedruna ikastetxeko 1. Batxilerreko bi talde bisitan izan dira gaur Kontuen Ganberan. Etxeko bi leku interesgarrienak erakutsi dizkiegu: barneko patioa eta lehen solairua. Kontuen Ganberaren zereginez informazioa eman diegu eta, ondoren, gure bideoa ikusi dute. Bisita amaitu aurretik, barneko patioan argazkia egin dugu.
Iruñeko Eskolapioen Ikastetxeko gazte talde bat Kontuen Ganberaren egoitzara etorri dira gaur goizean, etxea ezagutu eta instituzioaren zereginaz ere informazioa jasotzeko. Barneko patioa eta lehen solairua ikusi dituzte eta bisita amaitu aurretik patioan argazkia egin diegu.
Nafarroako Gobernuak eta Kontuen Ganberak "Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoa: jatorria, ondorioak eta etorkizuneko erronkak" liburua aurkeztu dute. Liburuak bi erakundeek iaz hitzarmen ekonomikoaz antolatu zuten jardunaldiko edukia jasotzen du. Ekitaldian Uxue Barkos lehendakariak, Asun Olaetxea Kontuen Ganberako lehendakariak eta Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak parte hartu dute. Uxue Barkosek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak hitzarmen ekonomikoa biztanleriari ezagutarazteko konpromisoa hartu du, eta liburua borondate horren isla da.
