Skip to main content
Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak, Kontuen Ganberan bisitan

Elizondoko Lanbide Eskolako ikasle talde bat bisitan etorri da gaur Kontuen Ganberara. Ikasleak goi mailako Administrazioa eta Kudeaketa ikasten ari dira eta, beraz, bazuten auditoretza eta kontabilitatearen berririk. Gure egoitza erakutsi ondoren, Aitor Navarro teknikariak hitzaldi bat eman die auditoretza-lanaren nondik-norakoez. Kontuen Ganberatik Iruñeko Udaletxera ziren joatekoak. Aurretik, ordea, ohi bezala talde argazkia egin dugu barneko patioan. Hortxe dituzue ikasle eta irakasle baztandarrak. Heldu den urtera arte!!

Asun Olaetxeak otsailaren 26an Salestarren hirigintza-operazioari buruzko txostena azalduko du Parlamentuan

Asun Olaetxea, Kontuen Ganberako lehendakaria, Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordearen aitzinean agertuko da, Salestarren hirigintza operazioari buruzko txostena azaltzeko. Agerraldia otsailaren 26an izanen da, arratsaldeko 3:30ean hasita.

Gemma Angelica Sanchez Lermak Auditoria Pública saria lortu du

Gemma Angelica Sanchez Lermak Auditoría Publica saria lortu du. Estatuko auzitegi autonomikoek argitaratzen duten aldizkariak, modu horretan, iazko aleetan idatzitako artikulu hoberenaren saria eman dio.

 Kontuen Ganberako letraduak udal eta gainerako administrazioek zeharkako kudeaketatik zuzeneko kudeaketara bueltatzen dituzten zerbitzuei buruzko kontrola aztertu du. Alegia, prozesu horiek nola ikuskatu, zer pausu eman behar diren kontrola ahalik eta egokiena izan dadin.

Iruñeko Maria Inmaculada LHko Ikastetxeko ikasleak, Kontuen Ganberan bisitan

Iruñeko Maria Inmaculada LHko Ikastetxeko ikasle talde bat gurean izan da bisitan. Administrazio Kudeaketako ikasleak Maite Yarnoz irakaslearekin etorri dira. Gure etxeko bi leku nagusiak ikusi dituzte: barneko patioa eta lehenbiziko solairua. Ondoren, Kontuen Ganberaren bideoa ikusi dute. Azkenik, talde-argazkia egin diegu patioan, bisitaren oroigarri.

Beteluko Araxes Eskolako talde bat, bisitan Kontuen Ganberan

Beteluko Araxes Eskolako 5. eta 6. mailetako ikasleak bisitan etorri dira gaur Kontuen Ganberara. Araitz, Betelu, Errazkin eta Lezaetako neska-mutikoei etxea erakutsi ondoren, Kontuen Ganberaren lanaz ere hitz egin diegu. Begi bistakoa da ikasle txintxoak direla: aurretik prestaturiko galderak egin dizkigute, bat etxeaz eta baita etxe honetan egiten den lanaz ere. Bisita amaitu aurretik, argazkia egin diegu patioan, irakasle eta gure lehendakariarekin.

Kontuen Ganberako lehendakariak Lizarrako Oncineda-ri buruzko txostena azaldu du Parlamentuan

Kontuen Ganberako lehendakari Asun Olaetxea Parlamentuko Landa Garapena, Toki Administrazio eta Ingurugiro batzordearen aitzinean agertu da gaur, Lizarrako Oncineda-ri buruzko txostena azaltzeko. Otsailean argitaraturiko txostenak Lizarrako Udalak Oncineda-ko jabeekin eginiko hirigintza hitzarmenak aztertu zituen. Asun Olaetxeak gogoratu duenez, hitzarmenak alkateak sinatu zituen, udal gobernu batzordearen baimenik gabe. Horrez gain, hitzarmenen inguruko aholkulari, kontrol eta jarraipen lanak kanpoko enpresen esku utzi ziren.

Igor Ijurra, Kontuen Ganberako topaketetan hizlari

Igor Ijurra, Iruñeko Orfeoiko zuzendaria, Kontuen Ganberako topaketetan izan dugu gonbidatu eta hizlari. Topaketen helburua da politika, ekonomia, gizarte eta kultura arloko pertsonaiak gure etxera ekartzea, gonbidatua eta ordezkatzen duen erakundea ezagutzeko eta, bide batez, hark ere gu ezagutu gaitzan. Beti bezala, erakundeko Komunikazio arduradunak elkarrizketa egin dio etxarriarrari eta, ondoren, Kontuen Ganberako jendeak galderak egiteko aukera izan du.

Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoari buruzko jardunaldia oso arrakastatsua izan zen

Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoari buruz ostiralean antolaturiko jardunaldia oso arrakastatsua izan zen, bat bildu zuen jende kopuruari erreparatuta, eta baita hitzaldien kalitatea kontuan hartuta. 250 bat lagunek parte hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta Kontuen Ganberak bultzaturiko ekimenean. Hasieran, Roldan Jimeno historialaria aurrekariez eta aurreko hitzarmenez mintzatu zen. Ondoren, Ogasuneko buru Javier Zabaletak hitzarmenak zergetan duen eragina azaldu zuen.

Luis Ordokiren hitzaldia Nafar Foru Zuzenbidearen III. ikastaroan

Luis Ordoki Kontuen Ganberako idazkari nagusiak hitzaldi bat emanen du etzi, otsailak 16, Nafar Foru Zuzenbideari buruzko hirugarren ikastaroan. Aipaturiko ikastaroa Nafarroako Unibertsitateak eta Iruñeko Abokatuen Elkargoak antolatzen dute. Ordokik Kontuen Ganberaren jatorria, zereginak eta erronkak aztertuko ditu. Aurretik, Jose Antonio Razquin Gobernuko legelariak Foru Hobekuntzaren iragana eta orainaz hitz eginen du. Jardunaldia arratsaldeko 5etan hasiko da, Nafarroako Unibertsitateko Lagunak Eraikinaren M1 gelan.

Nafarroako Gobernuak eta Kontuen Ganberak Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoari buruzko jardunaldia antolatu dute

Nafarroako Goberrnuak eta Kontuen Ganberak Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmenari buruzko jardunaldia antolatu dute. Datorren ostiralean izanen da, goizeko 9etan hasita. Bertan Nafar Ogasuneko arduradun nagusiak ariko dira hizlari: Mikel Aranburu kontseilari; Luis Esain Ogasuneko zuzendaria; Maite Dominguez, Hitzarmen Ekonomikoaren zerbitzu burua; eta Javier Zabaleta, Arautegi eta Babes Juridikoaren zerbitzu burua. Roldan Jimeno historialariak hitzarmenaren bilakaera aztertuko du.

Subscribe to