Pasar al contenido principal

ASOCEX

2014/30 Policía Foral, 2013

Fecha publicación

Descargar informe completo en archivo PDF

2014/30 Policía Foral, 2013 ()

Kontuen Ganberak Foruzaingoaren egoera aztertu du kaleratu berri duen txosten batean. Bertan, besteak beste, honako gai hauek aztertzen dira: langileria, Foruzaingoaren neurria, beste erkidegoetako poliziekin alderatuta eta azken urteotako gastuaren bilakaera.

Txostenak gogoratzen duenez, Foruzaingoaren jatorria Errepideetako Polizia izenekoa izan zen, 1928an sortua. 1964an polizia hura berrantolatu eta gaurko izena emateaz gain, zeregin zabalagoak hartu zituen. Aldi berean, hurrengo hamarkadetarako garapen-plana onartu zen. 2002an Iruñetik kanpoko komisariak zabaltzen hasi ziren. Handik lau urtera, berriz, Segurtasun Publikoaren Legea onartu zen. 2009an Nafarroak eta Estatuak sinaturiko hitzarmenak 1.200 foruzain aurreikusi zituen handik hiru urterako. Hitzarmen berak polizia nazional eta guardia zibilen kopurua gutxituko zela aurreikusi zuen.

Foruzaingoaren gastua 50 milioikoa izan zen iaz, 2009ko berbera. Inoizko aurrekonturik handiena 2011koa izan zen: 55 milioi.

Foruzaingoak 1.230 lanpostu ditu. Dena den, bete gabe daudenak kenduta murritzagoa da benetako langileria: 1.083 lagun. Gehienak polizia-agenteak dira (815), badira 125 kabo, 30 inspektoreorde, lau atalburu, 13 brigada-buru, 19 dibisio-buru, 42 taldeburu eta zuzendaria.

Foruzainen erdiak herritarren segurtasun arloan ari dira, eta gainerakoak bestelako ataletan: Ikuskaritza Orokorra; Trafiko eta Errepideen Segurtasuna; Krimenen Ikerketa eta Barne Segurtasuna; eta Polizia Administratiboa.

Foruzaingoaren arautegiak dioenez, arloetako arduradunak izendatzeko bidea lehiaketa izan behar da. Izendapen zuzenak ere aurreikusita daude arautegian, beti ere salbuespenezko kasuetan. Azken urteotako izendapenak azterturik, salbuespena lege bihurtu da, arduradunen postuak zuzenean ematen baitira.

Foruzainen soldatei dagokienez, Foru Administrazioaren C mailakoak dira. Lanpostuek badituzte gehigarri batzuk, maiz oso ezberdinak lanpostua atxikitua dagoen atala zein den. Horrela, polizia-agente, kabo eta inspektore-ordearen gehigarri horiek oinarrizko soldataren 9tik 65era artekoak dira.

Urteko lanorduak, teorian, 1.457 dira, horixe baita hiru txandatan ari diren Administrazioko beste guztiei aplikatzen zaien ordu-kopurua. Kontua da froga fisiko batzuk gainditzen dituzten foruzainei 126 ordu kentzen zaizkiela. Iaz foruzainen ehuneko 97k egin zituen, eta guzti-guztiek gainditu zituzten. Beraz, ordu horiek eta aparteko orduak, festa egunetan edo gauez lan egiteagatik kendutakoak, foruzainek, bataz beste, urtean 1.348 ordu lan egiten dute. Agintarien bizkartzain lanetan dabiltzanek, berriz, urtean 165 lan egun dituzte.

Foruzainek, iaz, 28.500 aparteko ordu egin zituzten. Aurreko urteko datuarekin alderatuz, ehuneko 60 gutxitu ziren.

Kontuen Ganberaren txostenak beste kontu bat azpimarratzen du lan-baldintzen arloan: Foruzaingoak ez duela oraindik arautu "bigarren jarduera", alegia, behin adin batera helduta foruzainek egin beharreko lana.

Foruzaingoak badu administrazio lanez arduratzen den talde bat, 47 lagun dituena, guztiak foruzainak. Kontuen Ganberaren ustea da lan hori administrari edo administrari-laguntzaileek egin lezaketela. Batetik, foruzain sartzeko frogetan ez baitago deus lan-mota horri loturik eta, beraz, pentsatzekoa da prestakuntza ere ez dela behar bezalakoa. Bestetik, bulegoan administrariak jarriz gero, dirua aurreztuko litzatekeelako, foruzainen soldata handiagoa baita administrari eta administrari-laguntzaileena baino.

Txostenak, esan bezala, bestelako datuak ere ematen ditu. Nafarroan dagoen polizia-kopuruaz, esaterako, polizia propioa duten erkidegoetako polizia-kopuruarekin alderatuta. Euskadiko Autonomia Erkidegoa, Katalunia eta Kanariar Irletako egoera aztertu da.

Nafarroan 4.302 polizia daude: Foruzaingoak 1.230 lanpostu ditu, 795 udaltzain daude eta Estatuaren menpeko Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak 2.277 lagun dituzte Nafarroan. Beraz, 150 biztanleko polizia bat dugu, Euskadiko Autonomia Erkidegoan bezalatsu. Kanarietan, berriz, 197 biztanleko polizia bat dute eta Katalunian kopurua txikiagoa dago: polizia bat 220 biztanleko.

Kontuen Ganberak azpimarratzen duenez, Foruzaingoak dituen eginkizunak beste poliziekin partekatzen ditu, joko eta ikuskizunak alde batera utzita. Horrela, hirietako segurtasunaz Polizia Nazionalarekin batera arduratzen da. Eta herrietan, berriz, Guardia Zibila ari da lanean. Horregatik, txostenak funtsezkotzat jotzen du polizien arteko koordinazioa.

Azkenik, Diputazioaren autoen parkeari ere aipamen bat egiten zaio. 2013ra arte, enpresa batek egiten zituen auto ofizialen mantentze eta konponketa lanak. Iaz, ordea, sistema aldatu eta autoen parkean egiten dira lan horiek. Bada, aldaketari esker 170.000 euroko aurrezkia lortu da Foruzaingoaren autoen konponketan.

Txostenak Foruzaingoaren kudeaketa hobetzeko neurri batzuk proposatzen ditu. Horietako bat arduradunen lanpostuak zuzenean eman beharrean, lehiaketa bidez eman daitezela; administrazio lanak foruzainek egin beharrean, administrarien esku uzteko aukera azter dadila. Eta, azkenik, foruzainen bigarren jarduera arau dadila.