- EGOITZA ELEKTRONIKOA
- Jarraitu gaitzazu ....
- SALAKETEN KANALA
ASOCEX
Berriak
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia gure egoitzara etorri da gaur, Kontuen Ganberako topaketetan parte hartzeko. Ekimenaren helburua da gure lurraldeko pertsonaiak egoitzara ekartzea, beren ibilbideaz hitz egin dezaten. Hori Komunikazio arduradunak eginiko elkarrizketa baten bidez egiten da. Elkarrizketa amaiturik, Kontuen Ganberako teknikariek galderak egiteko aukera izaten dute. Miguel Sanzek 15 urte egin zituen lehendakari, eta beste lau lehendakari orde. Aurretik Corellako alkatea izana zen, zortzi urtez.
Datozen egunetan, Kontuen Ganberak lau txosten argitaratuko ditu: Izabako Udala, Ogasunak preskribatuarazi dituen zergen bidezko zorrak, Iruñeko Udala eta kontu orokorrak. Lehenbiziko biak Izabako Udalak eta Parlamentuak eskatuak, hurrenen hurren. Beste biak urtero egiten dira: Iruñeko Udala Nafarroako udalik handiena delako; eta kontu orokorrak Foru Hobekuntzaren legeak txostena egitea agintzen duelako.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea graduko talde batek ikastaro bat egin du Kontuen Ganberan, kontrol erakundeak egiten duen lana ezagutzeko. Bi lan-jardunaldietan ikasleek diru publikoaren kontrol sistema sakontzeko parada izan dute. Kontuen Ganberak holako ekimena egiten duen bigarren aldia da, iaz NUPren eskaintza jaso zuenetik. Hurrengo urteetan ere antzekoak antolatzeko prest dago.
Estatuko kontu epaitegietako ordezkariak Madrilen bildun ziren atzo, toki administrazioaren kontrolaz eztabaidatu eta informazioa trukatzeko. Bileran, halaber, 2017ko programan sar littezkeen gaiak ere aipatu ziren. Kontuen Ganberako ordezkaria Asun Olaetxea lehendakaria izan zen.
Kontuen Ganberako legelari Gemma Sanchezek "Kontratazio publiko berria: merkatua eta ingurumena"ri buruzko jardunaldietan parte hartuko du. Bihar eta etzi eginen diren jardunaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du. Sanchezek etzi hitz eginen du, kontratazio publiko sozial eta berdearen kontrolaz antolaturiko mahai-inguru batean. Beste hizlariak honakoak dira: Maria Jose Santiago, Andaluziako Kontratu Publikoen Epaitegi Administratiboko burua eta Natividad Goñi NUPko irakasle eta Lehiaren Euskal Agintaritzako kidea.
Nafarroako Kontuen Ganberaren historia eta gaur egungo egoera aztergai izanen da irailaren 29an, SEHN-ek (Nafarroako Ikasketa Historikoen Elkargoa) antolaturiko hitzaldi ziklo baten barruan. Hiru hizlarik parte hartuko dute: Iñigo Mugueta, NUPko irakaslea, Juan Jose Martinena, Historiaren Erret Akademiaren kidea eta Luis Ordoki Kontuen Ganberako idazkari nagusia. Moderatzailea Nafarroako Unibertsitateko irakasle Agustin Gonzalez Enciso izanen da. Mahai-ingurua Iruñeko Iturramako Civivox aretoan eginen da, arratsaldeko 7etan hasita.
Kontuen Ganberako lehendakari Asun Olaetxea Parlamentuan izan da gaur, azken urteotako enplegu publikoaren eskaintzen berri emateko. Olaetxeak esan duenez, Estatuak lan publikoa eskaintzeko aukera mugatu egin du azken urteotan. Dena den, Nafarroako Gobernuak Estatuak utzitako aukera ere ez du behar bezala kudeatu, lanpostu gutxiago atera dituelako, eta zenbait kasutan deialdia gaizki egin eta Madrildik geldiarazi dutelako. Kontuen Ganberako lehendakariak dei bat egin du kontu hau hobeki bideratzeko. Beti ere, helburua lanpostu finkoen aldeko apustua da.
"Lizitazio publikoa eta lehia askea" gaiari buruzko jardunaldia Iruñeko Medikuen Ikastetxean (Nafarroa Beherea etorbidea, 47) eginen da, heldu den ostiralean, goizeko 9etan hasita. Printzipioz Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuaren egoitzan zen egitekoa, baina uste baino jende gehiagok izena eman du eta, beraz, toki zabalagoa bilatu behar izan dugu.
"Lizitazio publikoa eta lehia askea" gaiari buruzko jardunaldi bat antolatu du Kontuen Ganberak, CNMCrekin (Lehia eta Merkatuen Nazio Batzordea) eta Nafarroako Gobernuarekin elkar lanean. Lizitazio publikoa eta lehia askea loturik beharko lukete beti. Izan ere, lehia gutxitzeko eginiko iruzurrak diru publikoaren kudeaketa gardenaren aurkakoak dira eta, bestetik, kalte ekonomikoa eragiten diete administrazioei eta, beraz, biztanle guztiei. Bi hizlarik parte hartuko dute: Susana Campuzano, CNMCko Sustapen zuzendaria eta Sergio Sinovas, CNMCko alboko zuzendari-ordea.
Kontuen Ganberako patioan bilduriko jendeak gozatu egin zuen atzo "Hego Haizeak" taldearen musikarekin. Aitor Urquizak, Arkaitz Ibarrak, Asier Agirrek eta Xabier Olazabalek osaturiko taldeak txistuaren doinu klasikoak eskaintzeaz gain, Irlandako doinuak ere jo zituen eta, amaitzeko, Sanferminetako musika alaia. "Hego Haizeak" taldearena da Kontuen Ganberak ekainean antolaturiko bigarren eta azken emandaldia. Jendearen erantzuna ikusita, heldu den urtean ere kultur ekimenek tokia izanen dute Ansoleaga karrikako egoitzan.
